euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aspaldi ferekatutako ametsa gauzatu du San Juango Eusko Etxeak, dantza talde propioa aurkeztuz

2008/12/05

Esteban Marticorena Eusko Etxeko lehendakariak utzi zuen joan den larunbateko festa egiteko finka. Ofelia Larrea dauka euskal elkarteak Kultura arduradun. Guztien laguntzaz dantzarien debuta arrakasta polita izan zen.
Esteban Marticorena Eusko Etxeko lehendakariak utzi zuen joan den larunbateko festa egiteko finka. Ofelia Larrea dauka euskal elkarteak Kultura arduradun. Guztien laguntzaz dantzarien debuta arrakasta polita izan zen.

PUBLIZITATEA

Andeen magalpeko San Juango Euskal Etxe argentinarrak aspaldiko emetsa gauzatu du joan den asteburuan, bere lehenengo dantza taldea aurkeztu ahal izan baitu euskal elkarteko bazkide eta lagunen aurrean. "Oso kontent gaude, azkenean bete ahal izan baitugu geure dantzari propioak edukitzeko ametsa", adierazi dio EuskalKultura.com-i Carina Gabriela Oyola Alvarez bertako eledun eta hemendik aurrera baita dantzariak ere. Taldea hasi berri-berria bada ere, zorioneko jo daiteke, zuzeneko musikaria ere topatu baitu, Ismael Espinosa, berez Euskal Herrikoa izanik San Juanen bizi den txistularia.

San Juan, Argentina. Ez dagoen tokitik dantza talde bat ateratzea ez da gauza erraza izaten, baina borondatez eta behar bezalako akuilu edo bultzadaz gauzak bideratzen ahal direla erakutsi dute San Juango Euskal Etxekoak euren dantzari talde propioa abiaraziz. Egia esateko, animoak eta azken bultzada, duela hilabete gutxi San Juan bisitatu zuten Hendaiako 'Mutxikoak' eta Hondarribiako' Meakako Adixkideak' taldeek eman zieten. "[Hendaiako] Mirarirekin hitz egin ondoren, eta ikastea eta lehenengo urratsak ematea zaila dela jakinik, batez ere bideoekin ikasi  behar baduzu, ze arraio esan eta saiatzeari ekin nion", aitortzen du Carina Oyolak.

Bostek osatzen dute oraingoz taldea, baina indarraz, kuraiaz eta emeiaz beterik agertu dira eta joan den larunbatean, azaroaren 29an, egin zuten euren debuta San Juango Euskal Etxeko kide eta lagunen aurrean, egun horretan Urteko Azken Afaria eta Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatzeko elkarretaratze festa egin baitzuen euskal etxe sanjuaninoak. Euskal Etxeko kideak entusiasmoz eta hunkiturik ere errezibitu zituzten euren dantzariak. Fandangoa eta arin-arina eskaini zuten euren lehenengo emanaldian. Urrezko laguntzaile, txistulari bat, Ismael Espinosa, Euskal Herrikoa izanik San Juanen bizi dena, zorte handia eta luxua hemen Argentinan.

Dantzaris Centro Vasco San Juan 02

[Dantzariak euren debut egunean, Ismael Espinosa txistulari]

Dantzaris Centro Vasco San Juan 03

[Ezkerretik eskuinera, dantzari sanjuandarrak: Paulo Landa, Carina Oyola, Erica Sanchez, Mercedes Cuadra eta Maxi Vega]

Dantzariak osagai berezi, urteko Azken Afaria eta Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna primeran garatu ziren, eskerrak baita ere ospatzeko lekua Euskal Etxeari utzi zion Esteban Marticorena San Juango Eusko Etxeko lehendakariari. Giroa ezinhobea eta gau benetan gogoangarritzat aipatu zuen zenbaitek. "Orain hobetzea geratzen zaigu bakarrik", adierazi zuten dantzariak zinez txalotzen hunkituta ibilitakoetako batzuk. Zorionak Euskal Etxekoei eta bereziki bost dantzariei: Paulo, Carina, Erica, Meme eta Maxi-ri, eta Ismael txistulariari, baita ere urrats berri hau ematen lagundu duten guztiei.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia