euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asko nahiz gutxi jan… Euskalduna izan! Bakersfield-eko 2013ko Euskal Besta eta jaiaren kronika

2013/05/31

Dantza erakustaldi bikaina eskaini zuten hainbat taldek Bakersfield-eko Euskal Etxearen frontoian (argazkia Eneko Egiluz Beramendi)
Dantza erakustaldi bikaina eskaini zuten hainbat taldek Bakersfield-eko Euskal Etxearen frontoian (argazkia Eneko Egiluz Beramendi)

PUBLIZITATEA

Kern County-ko Euskal Etxeak euskal kulturaz zipriztindu du Kaliforniako Bakersfield beste urte batez, Euskal Besta edo Basque Festival deritzon jaialdiarekin. Bestaren 41. edizioa ospatu dute aurten inguruko euskal-amerikarrek maiatzaren 24tik 27ra bitartean. Lau eguneko programa aberatsa eskaini du euskal elkarteak: Bertsolari dokumentala, hitzaldia, mus txapelketa, bazkari-afariak, pilota partidak, dantzaldiak eta dantza erakustaldiak euskal etxearen frontoian.

A.E.B/Bakersfield, AEB. Ostiralean, hilaren 24an, CSUB (California State University Bakersfield) unibertsitateko kanpusean izan zen lehen ekitaldia. Bertsolaritzari buruzko hitzaldia eman zuen Ander Egiluz Beramendik, aurten Euskal Etxeak duen euskara irakasleak. 25 bat lagun bildu ziren euskal inprobisatzaileen mundua hobeto ezagutzeko. Gerora, Asier Altunak zuzendutako Bertsolari dokumentala ikusteko beta izan zuten gerturatutakoek, betiere Gamboa familiak eramandako ardo eta pintxoez disfrutatzen zuten bitartean.

Biharamunean, Euskal Etxearen eraikin nagusian izan zen, jende andana biltzen duen Mus Txapelketa. Goizean goizetik hasita −8:00ak inguru− eta 17:00ak arte, bazkaltzeko tarte batekin, ia 50 bikote lehiatu ziren giro ederrean. Azkenean Bert Ossinaldek eta Javier Marticorenak jaso zituzten txapeldunentzako 500 dolarrak. Evaristo Ramos eta Juan Sanchez izan zituzten aurrez aurre finalean eta 250 dolarreko saria eraman zuten hauek.

Pilota txapelketa

Karta jokoak bukatu ahala, Gure Amentsa frontoiko hormak larruzko pilotakaden hotsa hasi zen zabaltzen. Baziren kantxan Aritz Lasa, Iñaki Otxandorena, Juantxo Koka eta Patxi Ruiz, harmailak eskupilota zaleez beteta zeudela. Maiatza bukaera izateko hiriko tenperatura gozoa zen eta erakustaldi entretenigarria eman zuten Aspeko kirolariek 25 puntura jokatutako partidan.

Bakersfield Basque Festival 2013

[Bakersfieldeko Euskal Jaian pilotariak jo eta su ibili ziren lehian (argazkia Eneko Egiluz Beramendi)]

Azkenean, Koka eta Ruiz gailendu ziren, puntu bakarragatik izan bazen ere: 25 eta 24. Tradizio ez idatziak dioen legez, afaria Benji’s euskal jatetxean izan zen, San Frantzisko, Chino, Los Angeles eta beste hainbat tokitatik etorritako euskaldunei ongi etorria emate aldera. Afalostea, baina, laburra izan zen igandea planez lepo baitzetorren.

Gangnam style frontoian

Goizeko mezarekin hasi zen domeka; meza koloretsua eta euskalduna, inondik ere: klika, abesbatza euskalduna, ohorezko agurra... Euskal Etxeak duen berdegune ederrean ospatu zuten. Meza amaituta, hamaiketako arina eta bazkari ederra izan zen 1.500 lagunetik gora partaide. Eta behin sabelak beteta, dantza-taldeen eta klika musikarien unea iritsi zen.

Ehun dantzaritik gorak eta hogei bat musikarik eman zuten erakustaldi ederra: gazteenek laupabost urte izanik eta hirurogeitik gora nagusienek. Sorpresa zuten prestatua gainera: ordu t'erdiko emanaldia bukatzeko mundu mailan ezagun egin den Gangnam Style dantzaren erritmoz utzi baitzuten agertokia dantzari guztiek batera.

Bakersfield Basque Festival 2013 2

[Bakersfield-eko dantzariek estilo berriak probatu zituzten, kasu honetan, Gangnam Style delako modako abesti txinatarra (argazkia Eneko Egiluz Beramendi)]

Dantzaldia Jean Flesher Band-ekin

Jarraian, bestako bigarren eskupilota partida izan zuten Euskal Herritik propio etorritako pilotariek. Baina igandeko erakustaldia 30era izan zen eta Koka eta Otxandorena izan ziren garaile, Lasa eta Ruizen kontra: 30-27. 19:00ak aldera amaitu zuten partida pilotariek eta Jean Flesher Band-a euskal kantu tradizionalak jotzen eta abesten aritu zen goizaldeko ordu biak pasatxo arte. Han aritu ziren dantzan ume, gazte zein nagusi. Zintzurrak freskagarriz, garagardoz eta ardoz bustita.

Astelehenean, berrehun bat lagun bildu ziren hiriko Wool Grower’s jatetxe euskaldunean, gosaldu eta bazkaltzeko. Mukuru zegoen tokia, eta giroa ederra zen. Eta 2013ko Bakersfieldeko Bestari agurra emateko Jean Flescher Bandeko musikariek dantzan jarri zituzten beste behin Bestazaleak, hurrengo urtera arte irriñoa ezpainetik ez galtzeko. Heldu den urtean, gainera, NABOko biltzar nagusia hirian egingo da eta inoiz baino jende eta ekitaldi gehiago izatea espero da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia