euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Askatasunaren ibaia' CDa atera du Maialen Errotabehere arrosar kantari gazteak, bere bigarrena bakarlari gisa

2007/06/08

Maialen Errotabehere kantari baxenabartarra
Maialen Errotabehere kantari baxenabartarra

PUBLIZITATEA

Maialen Errotabehere baxenabartarra (Arrosa, 1983) gaztea da, baina ez hasi berria. Zortzi urterekin hasi zen Ezpeletako Ezpela abesbatzan, eta 11 urterekin bakarlari gisa. Laukote batean ere ibili da, ahizparekin. Euskal Kultur Erakundeak (EKE) muntatu Hegalka proiektuan ere parte hartu zuen. Ekimen horrek artista gazteak lagundu nahi zituen, baita sorkuntza sustatu ere. Disko bat atera zuten eta hainbat kontzertu eman. Berriak ahots ozen eta ederreko kantari gazte honi Nora Arbelbidek eginiko elkarrizketa karrikaratu zuen atzo, Maialenek CD berria atera duela-eta.
'Askatasunen Ibaia' [Agorila, Baiona] bigarren diskoa du bakarlari gisa. Baionako antzokian aurkeztu zuen duela hamar egun. Joan den asteburuan Baionan aritu zen, baina aldi honetan San Andres elizan Integrazio Batzordearen alde. Orain, haren nahi handiena ahal bezainbat kontzertu ematea da. Musika baita bere gauza: «Goiz guztiz jaikitzea bulego batean sartzeko, ez da nire bokazioa. Maite dudana kantatzea eta oholtza gainean izatea da». Horretatik nahiko luke bizi, baina ezin. Agorila disko etxean ari da lanean. «Denetarik egiten duen idazkaria naiz», dio irriz.

Disko berriak funtzionatzen badu, kantari profesional izaten saiatuko da, nahiz eta jakin ez dela garai hoberena horretarako, intermitenteen laguntzak zalantzan daudela; «bereziki hauteskundeen emaitzen ondotik. Baina jakina da egoera ez dela artisten aldekoa».

Inguruaz ere, dela azpiegiturez edo beste, badu zer erran: «Bi alde ikusten ditut. Musikariak badira. Zure proiektuan sartzeko errazki atzematen ahal dituzu eta hori, biziki inportantea da. Gero, nik disketxe bat ukan dut. Hori ere bikaina da. Nire adinean ez da hain erraza. Azpiegitura aldetik, aldiz, zaila da. Kontzertu gelak ez dira anitz. Baionako antzokia bezalakoak, adibidez, ez dira. Eta direnak ez dira batere irekiak euskal artistei». Hego Euskal Herriarekin ere, muga mentalitateetan sartua dela deritzo. Alde batetik bestera artistak ez direla pasatzen damutzen da.

Hark ukan badu Baiona antzokia, baina alokatu duelako: «Ez naiz egitarau ofizialean sartu. Pagatuz ukaiten ahal dituzu gauzak, bai!». Kontzertuarekin dirua galdu du, baina, balio zuela uste du: «Egiazko baldintzak izateko. Ez da trinketa edo karpa. Inportanta da hori». Itxaropenik ez du galtzen, halere, Errotabeherek. Disko hau oihartzun anitz jasotzen ari da.

Funtsean, egin ahalak egin ditu horretarako. Urtea eman du prestatzen David Usabiaga eta Philippe Albor gitarristekin batera, lanpostua denbora erdira pasaz: «Elkarrekin sortu eta muntatu dugu proiektu osoa. Bakoitzak bere iritzia ematen zuen, baina egia da nirea zela azken hitza. Moldaketentzat ere nire irizpideak kontuan hartu ditu Davidek. Bazekien zer nahi nuen». Emaitzan ageri da. Lehen diskoa baino pertsonalagoa eta helduagoa dela erran daiteke.

Akademikotik urrunduz

Blues, folk eta jazzaren artean murgiltzen da, «ttipitik entzuten dudan musikan». Ahotsa ere, estilo horri egokitzen da gehiago. Kasik erran daiteke aldatu zaiola, apaldu-edo. Hark ere onartzen du, irriz, zigarreta paketa erakutsiz: «Honengatik gero eta apalago, gainera». Afera da, haren ustez, ahotsa ez duela lehen bezain akademikoa: «Ezpela taldearekin ikasi dut kantua, eta koroan taldean duzu sortzen. Bakarka, aldiz, zure tinbre propioa duzu, zuk zerbait sentitzen duzularik sentitzen da».

Urteetan ezker eta eskuin bakarka edo taldean zuzenean kantuz aritzeak anitz eman dio: «Kontzertuz kontzertu segurtasuna bildu dut. Diskoan agertzen diren estilo horiek gero eta hobeki sentitzen ditut. Jazzak edo bluesak lasaitzen naute. Inprobisatzea maite dut eta horren egiteko segurtasun gehiago dudala uste dut orain».

Segurtasuna testuetan ere senti daiteke. Kantu batzuen hitzak hark idatziak ditu eta tarte horretan bada Bero ero, sexuaz mintzo dena gordinki, konplexurik gabe: «Aspalditik nahi nuen horrelako bat idatzi. 24 urte ditut eta normala da aipatzea, amodioa bezala. Metaforarik gabe, kantu erotiko errealista bat nahi nuen. Hitzak badira euskaraz horren aipatzeko, zergatik ez dira erabiltzen? Pena da». Luzaz ez da bere buruaz aski segur izan idazteko eta, bereziki, oholtza gainean emateko. Orain bai. Baionan eman zuen, eta interesa piztu: «Giro bitxi bat sortuta, berotasun bat senti zen, zerbait berezia».

Kantu anitz aitak dizkio idatziak. Kantua familia kontu bat dute: «Etxean betidanik ukan dugu musika. Afari edo bazkarietan denak ari gara beti kantuz».

Euskal kantuaren tradizioaren haritik, belaunaldi berri baten testigantza bada. Izan dadin, Celine Mounole, Kattalin Indaburu, Amaren Alabak edo beste. Emazte anitz. Nor bere estiloan. Errotabehere ez da, ordea, belaunaldi berritzaile baten barne sentitzen. «Hamar urtero jende berria heldu da, besterik gabe». Ez du ekarpen berezirik egiteko asmorik: «Musika egin nahi dut. Euskara baliatzen dut, nire hizkuntza baita. Besterik gabe. Naturalki. Ez dut helburu berezirik, bakarrik erabiltzea nire hizkuntza musika egiteko. Ahantzi gabe, beste mundu musikalak badirela, ez dela bakarrik kantu tradizionala».

(2007-06-07an Berria-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

Maialen Errotabehereren bideo bat, iTelebista.com-en
www.itelebista.com webgunean

Maialen Errotabehere, Euskal Kultur Erakundearen fitxa
www.eke.org/partaideak/errotabehere_maialen

Disko berriaren berri frantsesez
www.agorila.com webgunean


Komentarioak

  • Askatasunen ibaia

    Eskerrak Txapitelaren mesedeari entzuten ahal izan duk abesti hau. Ez dut aspaldietan entzun halako abesti pozgarririk, bai letraz eta bai ahotzez. Maialen Errrotabherek zirrara handia egiten du.

    felix Zubiaga, 2009/09/14 17:44

  • Askatasunen ibaia

    Eskerrak Txapitelaren mesedeari entzuten ahal izan duk abesti hau. Ez dut aspaldietan entzun halako abesti pozgarririk, bai letraz eta bai ahotzez. Maialen Errrotabherek zirrara handia egiten du.

    felix Zubiaga, 2009/09/14 17:43

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia