San Miguel, Argentina. San Miguelgo Askatasunaren Bidea euskal elkarteko kideentzat, Buenos Aires probintziako hiri honetako Liburu Gaua urrezko aukera bat da euren lana ezagutarazi eta lehio bat eskaintzeko Euskal Herriari eta bere kulturari. Bi eguneko ekitaldi jendetsua da, aire zabalean eta irakurzaletasuna piztea dauka helburu. Udala antolatzaile, kultur hitzordu nagusia bihurtu da inguruan, urtetik urtera ospe eta onespen handiagoa lortuz. Euskal elkarteak stand batekin hartu zuen azokaren 10. edizioan, abenduaren 8an eta 9an. Euskal lurraldeetako objektu eta irudi alegorikoz apainduta, argitalpen ugari erakutsi zuten bertan, eta euren jarduera zabaldu eta sustatu.
25.000 herritar baino gehiago hurbildu dira aurten San Miguelgo Korridore Aerobikora kultur dastagai eskaintzen den proposamenen eskaintza zabalaz gozatzera. Besteak beste, hitzaldiak, irakurketa ibiltariak, erakusketa artistikoak, musika taldeak, behatoki astronomiko bat eta patio gastronomikoa ere eskaini zituzten. Hainbat argitaletxek, liburutegik, liburu-dendek eta bertako historialari eta idazlek hartu zuten parte topaketan. Hil eta 50 urtera “Eraztunen Jauna”ren egileari, John Ronald Reuel Tolkieni, egin zioten gorazarre. Aurtengo hautu horrekin bat eginez, Askatasunaren Bidearen standean eleberri historiko eta polizialez gain, fantasiazko eta beldurrezko lanak jarri zituzten ikusgai, tartean Dolores Redondo, Hasier Etxeberría, Joanes Urkixo, Mikel Rodríguez, Toti Martínez de Lezea eta Eva García Sáenz de Urturi idazleen lanak.
Iparraldetik San Miguelera
"Euskal Herriko etorkinen ondorengo asko hurbiltzen dira gure stand-era, batez ere Iparraldetik etorritako familietakoak, inguru honetan euskal emigrazio lehena eta jendetsuena izan baitzen. Jendea gure materialak irakurtzen gelditzen da, karteldegiari begira, galdetu egiten dute, badute interesa”, azaltzen dio EuskalKultura.eus-i elkartearen erreferente Horacio Marotto Etxezaharrek. Azokak aukera ematen die sarrera zuzena izan eta zuzenean heltzeko San Miguelgo eta inguruetako milaka bizilagunengana, eta, kasu askotan, bisitariek euren datuak uzten dizkiete, Askatasunaren Bideak antolatzen dituen hitzaldien abisue pasa diezaieten, edo euskara klaseetara joateko eta bestelako jardueretarako deitzeko. Oraintxe bertan, 2024ari begira jarri dira Elkarteko lagunak, 15. urteurrena beteko duten urtea. Zinez ospatzeko asmoa daukate.