euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Askatasunaren Bidea, euskal kultura hedatzeko sortu den elkarte berri bat, San Miguelen, Argentinan

2009/07/06

Askatasunaren Bidea elkarte euskal argentinarraren ikurra
Askatasunaren Bidea elkarte euskal argentinarraren ikurra

PUBLIZITATEA

Joan den ekainaren 21ean, Buenos Aires probintziako San Miguel hirian jaio zen Askatasunaren Bidea, 'euskal kultura zabaltzea eta bide aske batetik ibiltzea helburua duen elkarte euskal argentinarra'. 'Ez gara euskal etxe bat, ez dugu zuzendaritza batzorderik, ezta bazkiderik ere', hitz hauekin aurkezten dute beren burua talde berrikoek, eta jarraian adierazten dute: 'Nahi duena hurbildu daiteke gurekin batera lan egiteko, baina hierarkiarik gabe. Oraingoz hori da gure xedea, euskal kulturaren alde proiektuak burutzea. Gero gerokoak'. Bitartean, luzatu diote honez gero San Miguelgo komunitateari lehenengo ekintzan parte hartzeko gonbitea, ekainaren 11an: ‘Haritza Euskal Herriko Historian’ mintzaldia.

San Miguel, Argentina. 'San Miguelen abizen euskaldun asko daude, eta orain arte ez zegoen jendearenganaino hel zitekeen inongo proposamenik ezta Euskal Herriaren berri eman zezakeen erakunderik ere', azaldu diote EuskalKultura.com-i talde berriaren sortzaile diren Mariana Fernández Castellik, María Jesús Andrés Zarandonak, Elba Reggik, Néstor Fernándezek, Itziar Mohrrek, César Mohrrek, Nerea Mohrrek eta Horacio Marotto Etxezaharrek. 'Horregatik, ezinbestekoa iruditu zaigu hutsune hori betetzea. Guztiok daramatzagu urte batzuk Euskal Herriko kulturan murgilduta eta, garrantzitsuena, lan egiteko gogo handia dugu. Hori dela eta elkartu gara eta erabaki dugu gauzak egiten hastea'.

Eta laster ekingo diote euren lehenengo jendaurreko ekitaldiari; datorren uztailaren 11an hain zuzen. Larunbat horretan, Koldo Zabalondo arotz euskaldunak ‘Haritza Euskal Herriko Historian’ izeneko mintzaldia emango du San Miguelgo Merkataritza eta Industria Ganberan. Hitzordua, arratsaldeko 5ean izango da, Sarmiento kaleko 1663. zenbakian.

Zabalondok eskainiko duen hitzaldia jaio berria den taldearen lehenbiziko ekintza izango da eta arduradunek esaten dutenez, 'zerrenda luze bateko lehenengoa izatea espero dugu'. Gainera, taldeak ikur hartu duen irudiarekin zerikusi handia du lehenengo topaketa honek. 'Haritzaren adarra hautatu dugu ikur, ez elementu horrek daukan esanahiagatik bakarrik. Haritzaren fruitua ere hartu dugu eta fruituaren hazia, gu geu hazia garelako: asko garatuko den eta etorkizunera, askatasunez, garatuko den hazi bat', adierazi dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia