San Miguel, Argentina. Buenos Aires probintziako ‘Askatasunaren Bidea’ elkarteak 9 urte bete ditu ekainaren 21ean eta Mariana Fernandez Castelli irakaslea eskaintzen ari den Euskal Kultur Tailerreko kideekin ospatu zuen. Tailerrean euskal emakumearekin lotura duten gaiak jorratzen ari dira aurten tailer-kideak, esan nahi baita euskal emakumea arlo, egoera eta historiaren une ezberdinetan aztertuz. Saioa bukatuta, pintxo batzuk partekatu zituzten anfitrioi eta ikasleek Elkartearen 9. urteurrena ospatzeko.
Eta urtebetetzeetan ohitura izaten denez, honetara ere gonbidatuek opariak eraman zituzten. Euskara ikasle den Raimundo "Pucho" Mendiburuk eskuz egindako lauburu bat oparitu zion elkarteari. Marta Ceberiok, berriz, Euskal Herria en el horizonte eta Cazadores de tigres, Euskalduna argitaletxearen liburuak. Ospakizunari amaiera emateko, “bizi izandako bederatzi urte eta datozenen alde” egin zuten topa bildutakoek.
Gogora dezagun Askatasunaren Bidea Elkarteak San Miguelgo "Domingo Faustino Sarmiento" Herri Liburutegian garatzen dituela bere ekintzak. Elkartearekin kontaktatzeko, bere blogaren bidez egin daiteke edo sare sozialen bidez, hala nola Facebook, Twitter edo Instagram bidez.