euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asisko Urmeneta euskal komikigintzaren ordezkari izango da datorren asteburuan Bruselan bertako Jaialdian

2019/09/13

Asisko Urmeneta marrazkilari iruindarra (arg. Izaskun Bernedo)
Asisko Urmeneta marrazkilari iruindarra (arg. Izaskun Bernedo)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Euskal komikigintza bosgarren aldiz egongo da ordezkatuta irailaren 13, 14 eta 15ean Bruselan egingo den Fête de la BD – Strip Feest jaialdi entzutetsuan. Ekitaldi honek komikiarekin loturiko hamaika tailer, hitzaldi, aurkezpen, mahai-inguru eta erakusketa eskainiko ditu, Europa osoko editoreen argitalpenak eta nobedadeen erakusgarri. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen dira jaialdian, aurten Asisko Urmeneta euskal marrazkilaria tartean, Etxepare Euskal Institutuak zabaldu duenez.

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin eta EUNIC-ekin (European Union National Institutes for Culture, edo Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak) lankidetzan antolatu da euskal kulturaren parte hartzea, Etxepare Euskal Institutua 2015. urtetik baita sare horretako kide. Nazioarteko pabilioian, EUNIC-ek antolatutako standean egongo dira kokatuta euskal komikiak, sare horretako kide diren beste hainbat herrialdetako argitalpenekin batera; hala nola, Estonia, Polonia, Hungaria, Lituania, Israel, Finlandia edota Portugal. Bertaratzen direnek Euskal Herrian euskaraz zein gaztelaniaz ekoiztutako lanak aurkituko dituzte eta sektoreko editoreek, profesionalek eta publikoak orokorrean euskal komikigintza hobeto ezagutzeko aukera izango dute.

Aurtengo euskal sortzaile gonbidatua Asisko Urmeneta marrazkilaria da. Bi ekintzatan hartuko du parte, biak irailaren 14ean, larunbata. Batetik, goizeko 11:00etan tailer bat eskainiko du frantsesez, “Caricature, graphic design and sequential art” (Karikatura, diseinu grafikoa eta arte sekuentziala) izenburupean. Egun berean, 16:00etan, beste tailer bat eskainiko du Paulo Monteiro artista portugaldarrarekin batera: “Creating comics when you don’t know how to draw” (Komikiak egitea marrazten jakin gabe), azken hau ingelesez eta frantsesez.

Azokak iraungo dituen egunetan zehar Urmenetaren lan batzuk ikusgai egongo dira standaren ondoko espazio batean, EUNIC-en parte diren gainontzeko artisten lanekin batera, partehartzaile diren herrialdeetako komikigintzaren aniztasuna erakusteko asmoz. Horrez gain, azokara gonbidatuak izan diren EUNIC sareko autore guztiek azokako egunetan zehar euren azken liburuak sinatzeko --Asiskoren kasuan, AztiHitza (2018)-- tarte bat izango dute.

Etxepare Euskal Institutua EUNIC Bruselako kide elkartu denetik kultura aniztasuna sustatzeko lanean aritu da Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin batera, eta nazioarteko zenbait proiektutan hartu du parte, hala nola, Bruselako Fête de la BD komiki jaialdia bera edota hiri berean irailaren 26an hasiko den Transpoesie poesia jaialdian, azken honek aurtengo partaideen artean  Itxaro BordaBernardo AtxagaHarkaitz CanoLuis Garde eta Juanjo Olasagarre izango dituela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia