“Como falar de coisas que não existem”, nola hitz egin esistitzen ez denari buruz leloa du Sao Pauloko 31. Bienalak eta bertara hurbiltzeko aukera dutenek artelan sorta mardula ikusi eta gozatzeko aukera izango dute. Horien artean bi euskal artisten lana ez galtzeko gomendioa emango dugu guk: Asier Mendizabal ordiziarrak Jorge Oteiza maisuak Latinamerikan egin zituen eskulturen berridazketa garaikidea egin du eta Juan Perez Agirregoikoak Sao Paulon grabatu duen filma aurkeztuko du, Pier Paolo Pasolini handiaren “Ebangelioa San Mateoren arabera” pelikulan oinarritua.
Sao Paulo, Brasil. Larunbatean inauguratuko da ofizialki Sao Pauloko Bienala, baina abian da dagoeneko “Educativo” saila eta bertan ari dira buru belarri lanean artistak euren lanak prestatzen. Horien artean dira bi euskaldun: Asier Mendizabal (Ordizia, 1973) eta Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia-San Sebastián, 1963), Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin.
Mendizabalen eskulturak Bienalaren pabilioian ikusgai dira dagoeneko bisitarien zain. Lan hauekin ordiziarrak “berridatzi” egiten du Jorge Oteizak 1960an Cesar Vallejo poeta peruarraren omenez Liman aurkeztu zuen eskultura. Oraingo arte testuingurura dakar lan hura Mendizabalek, beti ere amaitugabeko eskulturen bitartez. Oteizak Latinoamerikan egin zuen lana 1930-1960 bitartean oso garrantzitsua izan zen baina ez da aski ikertua izan.
Bestalde, Juan Perez Agirregoikoak Sao Paulo grabaturiko filma aurkeztuko du. Lan honekin artista donostiarrak Pasoliniren “Ebanjelioa San Mateoren arabera” filmari buruzko hausnarketa egin du eta, horren baitan, boterearen eta mendetasunaren gaineko diskurtsoen subertsioa landu du, Etxepare Institutuaren esanetan.