euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asier Mendizabal artista euskalduna partaide bihar hasiko den Veneziako Bienaleko erakusketa nagusian

2011/06/03

Asier Mendizabal Aizpea Goenaga eta Blanca Urgellekin atzo Venezian
Asier Mendizabal Aizpea Goenaga eta Blanca Urgellekin atzo Venezian

PUBLIZITATEA

Asier Mendizabal euskal artistaren lau obra egongo dira bihar larunbata ekainaren 4tik hasita azaroaren 27raino luzatuko den Veneziako Bienaleko erakusketa nagusian. Artista ordiziarrak Etxepare Euskal Institutuaren eta Acción Cultural Españolaren (AC/E) babesa izan du Bienalaren 54. edizio honetan parte hartzeko. Halaxe adierazi zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari lotua den Etxepare Euskal Institutuko prentsa bulegotik, ohar baten bidez.

Donostia-San Sebastian. Mundu osoan ospe handia duen arte garaikide erakusketa honetan euskal ordezkaritzarentzako lekua izango da aurten. Veneziako Bienalaren 54. edizio honetan Asier Mendizabal artistak hartuko du parte, ‘Soft Focus’, ‘Hard Edge’, ‘(Benta-Haundi)’ eta ‘Signals, Calls and Marches’ obrak erakutsiko baititu, Bice Curiger, arte kritikari suizarrak zuzendutako ‘ILLUMInazioni’ (‘ILUMInazioak’) erakusketa nagusian.

Artista ordiziarraren obra mundu osoko 83 artisten instalazioekin osatutako ibilbide berezi baten parte izango da, zeinetan identitatea, nazioen arteko elkarrizketa eta mundu globalizatuan arteak duen lekuaren inguruan hausnartzeko gonbidapena egiten zaigun.

Asier Mendizabal izan da Espainiako estatutik erakusketa honetarako aukeratua izan den artista bakarra, eta Etxepare Euskal Institutua eta Acción Cultural Españolaren (AC/E) laguntza izan du. Veneziako Bienalak berak antolatutako ‘ILLUMInazioni’ erakusketa nagusiaz gain, 89 herrialdek izango dute nork bere pabiloia, beren arte garaikidearen pieza adierazgarrienak erakusteko.

Babes hau gertuagotik erakusteko, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Aizpea Goenaga, Veneziako Bienalean izan ziren atzo eta ‘ILLUMInazioni’ erakusketa ikusi zuten Asier Mendizabalen eskutik. Goenaga eta Urgellek beste pabiloi batzuk ere ezagutu zituzten, Espainiakoa, Kataluniakoa eta Andorrakoa, besteak beste, eta hainbat ekitalditan ere parte hartu zuten erakundeen eta kulturaren ordezkariekin.

Euskara eta euskal kultura atzerrian hedatzearen ardura duen Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak euskal sortzaileen “maila altua” nabarmendu zuen, “baita arte garaikidea bezalako diziplinatan ere”. Bere aburuz, horixe erakusten du Asier Mendizabal artista Veneziako Bienaleko 54. edizioko erakusketa nagusian parte hartzera gonbidatua izateak. Bertan gainera, mundu osoko 82 artistak osatutako maila goreneko talde batekin banatuko du lekua.

Era berean, Institutuaren lana bere “lehen frutuak” ematen hasi dela adierazi zuen. Horren adierazle dira euskal zinemak Guadalajarako (Mexiko) Zinemaldian izan zuen atal propioa, Bernardo Atxaga idazlearen parte hartzea Passaporta literatur jaialdian, edo euskal film laburren presentzia Bruselako Film Laburren Zinemaldian, besteak beste.

Bestetik, Kultura sailburuak gogorarazi zuen Veneziako Bienala “lehen mailako” ekitaldi artistikoa dela, “mundu mailan arte garaikidearen erakusketa garrantzitsuenetarikoa”. “Asier Mendizabalen mailako pertsona bat Venezian gure ordezkari izatea harro sentitzekoa da”, esan zuen.

Lau euskal obra

Mendizabalek Veneziako Bienalean ‘Soft Focus’, ‘Hard Edge’, (‘Benta- Haundi’) eta ‘Signals, Calls and Marches’ obrak erakutsiko ditu. Lehena, 2010ean sortutakoa eta maiatzera arte Madrilgo Reina Sofía Museoan erakutsitakoa, 80 diapositibek osatzen dute, eta hauek, La Gran Enciclopedia Vasca editorialak 1976an Sigfrido Koch argazkilariari enkarguz eskatutako San Telmo Museo Etnografikoko inbentarioa erreproduzitzen dute. Kasu honetan, bere obran askotan agertutako gaiei helten die: identitatea adierazteko arazoak, etnografia diziplina gisa eta argazkilaritzarekin eta dokumentuarekin beti izan duen erlazio gatazkatsua.

‘Hard Edge’ Bienalean zehar banatuta dauden hiru DM (egurrezko fibrekin eginiko aglomeratua) piezak osatzen dute. Lapurreta keinu bat adierazten duen eskultura bihurtzen ditu Mendizabalek pieza hauek, ondo aztertutako testuinguru batean: izenburuan erabilitako terminoak ertz garbidun konposizio geometrikoak bereizgarri dituen hizkuntza bati egiten dio erreferentzia. Kaliforniako margolari talde batek erabilitako terminoa da, eta 1964an Parisko Denise René galerian erakutsitako eredu baten izenburua ere izan zen. Equipo 57 taldeak (besteak beste, Nestor Basterretxea eta Agustin Ibarrolak osatutako taldea) urte horretan bertan eta galeria berean egin zuen azken erakusketa.

Horrek guztiak testuinguru bat osatzen du eta bertatik sortzen da sintoma bihurtuko den adierazle formala: hizkuntza abstraktuaren zurruntasun analitikoaren bestaldean, ezegonkortasuna ematen dion keinu bat agertzen da eta espazioaren eta egituraren aktibazioa eta dinamizazioa bezalako kontzeptuekin tematzen da. Asier Mendizabalek azaltzen du “Hard Edge’ obran elementu sinboliko gisa dei egiten zaiola horrek dakarkion dimentsio performatiboari, eta artistaren subjektibitatea forma geometrikoetan keinu zorrotz gisa agertzen dela dioen baieztapenari.

Eskultura beraren izatearen problematikari helduz, (‘Benta-Handi’-k) eskultura abstraktuaren inguruko hausnarketa bat proposatzen du, eskultura bat eta hiru argazki txiki erabiliz. Benta-Handin dagoen Oteizaren eskultura baliatuz, Mendizabalek Oteizaren eskultura hori eta eskultura horren historia erlazionatzen ditu ariketa formal baten bidez. Modu honetara erakusten du nola pieza abstraktu batek, printzipioz funtzio metaforikorik ez duena, sinbolizazio prozesu bat jasatzen duen, eskultorearen keinu batengatik gertakizun historiko traumatiko bat irudikatzera pasatzen denean.

Azkenik, Mendizabalek ‘Signals, Calls and Marches’ obra erakutsiko du Venezian. Bateria baten soinua errepikatzen duen pieza hau Veneziako Bienalak Oscar Tuazón artista estatubatuarrari eskatutako pabiloiean dago.

Asier Mendizabalen ibilbidea

Asier Mendizabalek Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (1996) eta erresidentzia beka bat lortu zuen de-Atelierserako (Amsterdam) 2000 urtean. Taldeko erakusketa garrantzitsuetan izan da –Cine y Casi Cine (Reina Sofía Museoa, 2003); Después de la noticia (CCCB, Bartzelona, 2003); Manifesta 5 (Donostia, 2004)–, eta bere lehen bakarkako erakusketa Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan egin zuen 2008an. 2010. urtean Arte Plastikoen Ojo Crítico saria eskuratu zuen. Gaur egun, Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia