euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asel Luzarraga Txiletik: «Emandako zigorrarekin eurek ere onartu dute errugabea naizela»

2010/09/10

Asel Luzarraga atxilotua izan aurretiko argazki batean (A. Luzarragak utzia-Deia)
Asel Luzarraga atxilotua izan aurretiko argazki batean (A. Luzarragak utzia-Deia)

PUBLIZITATEA

"Zapore gazia geratu zaio Asel Luzarragari bere aurka Txilen abiatutako auziaren epaia jakinda. Badaki okerragoa izan zitekeena. Baina ez dute errugabetzat jo. Eta errugabea dela berretsi du." Abenduaren 31ean Txilen atxilotu zuten Asel Luzarraga euskal idazlearen epaia joan den asteartean atera ondoren, Iñaki Petxarroman kazetariak Txilen bizi den bermeotarrarekin izandako solasaldia islatzen duen testua.

Iñaki Petxarroman. Etxean lehergaiak egiteko materiala zegoela egotzita, 220 eguneko kartzelarekin zigortu du Asel Luzarraga (Bermeo, 1970) idazlea Txileko justiziak. Orain, zigorra beteta duenez, herrialdetik botatzeko prozedura hasi du Fiskaltzak haren aurka. Idatziz erantzun ditu Berriaren galderak.

-Zer balorazio egiten duzu gertatu den guztiaz epailearen epaia ezagutu ondoren?

Balorazioa ezin da oso baikorra izan. Nik hasieratik errugabetasuna espero izan dut, egia zein den ondo dakidalako. Epaileek ere begien aurrean izan dute egia eta erabaki politikoki zuzena hartzea hobetsi dute. Beraz, errugabea izanda zigortua izateari ezin inolaz ere on iritzi. Hala ere, emandako zigorrarekin esan daiteke eurek ere onartu dutela errugabea naizela, zeharka bada ere.

-Helegitea jarriko al duzue?

Ez dugu jarriko, sententzia beteta edukita, txarrera egiteko arriskua ere badagoelako. Gehien atsekabetzen nauen neurrian jarriko dugu indarra: kanporatzeko dekretua indargabetzen.

-Nahiko argi dirudi herrialdetik botatzea dela Txileren helburua. Zer egingo duzu horren aurka?

Helburu hori argi eduki dut hau dena hasi zenetik. Hor dago orduko Barne ministroak kanporatze agindua sinatzeko eduki zuen presa. Ez dakit zein diren legezko bideak dekretu horri aurre egiteko, baina seguru nago Jaime Madariaga abokatuak zer egin asmatuko duela.

-Lehergaiak izateko gaiak izatea frogatutzat jo dute. Nola baloratzen duzu?

Epaiketak iraun bitartean han egon ginenok guztiz kontrakoa jo genuen frogatutzat, baita epaiketaren jarraipena egin zuten kazetariek ere, publikoki aitortzeko aukerarik izan ez arren. Egun haietan, argi geratu zen nik ez nuela inoiz holako gairik eduki, eta nire etxera beste nonbaitetik edo norbaitengandik iritsi zirela. Horregatik iritsi ginen hain itxaropentsu eta baikor epaia jakinarazi zen entzunaldira. Beraz, ezinezkoa da balorazio onik egitea.

-Euskal Herrian, zure kasuaren harian elkartasun mugimendu handia sortu da. Nola hartu duzu?

Ez dauka hitz egokirik; ez dago hiztegian berbarik adierazteko elkartasun mugimendu zabal horrek eman diguna -niri eta Vaneri [Vanesa Contrerasez ari da, neska-lagunaz]-. Ez nukeen sekula holakorik imajinatuko. Zorretan nago, eta txarrena da jende askorekin nagoela zorretan! Zor ditudan garagardo guztiak ordaindu behar baditut, kreditua eskatu beharko dut (kar-kar-kar). Benetan, Euskal Herriko eta beste leku batzuetako jendeari esker bukatzen ari den amesgaiztoa nire bizitzako esperientziarik zirraragarriena izan da. Eta euskal komunikabideok ere ekarpen ederra egin duzue.

-Ez dira une errazak herri maputxearentzat. Nola ikusten duzu haien egoera?

Zoritxarrez, nire egoeragatik ez daukat haiengana askorik hurbiltzerik. Epaiketa hasi aurretik birritan egin nien bisita Temukoko kartzelan preso dauden lagunei, eta haien artean preso politiko maputxeak ere badaude. Adoretsu ikusi nituen. Orduan gose greba hasi berria zuten. Lau bat aste igaro dira, eta ez dakit orain osasunez nola ote diren. Irakurritakoagatik badakit batzuk arazoak izaten hasi direla. Onena opa diet; indar, newen asko, haien hizkuntzan esanda. Maputxe herriarengandik neuk ere jaso dut indarra azken hilabeteotan; haien kemen eta eskuzabaltasuna ezagutzeko parada izan dut.

-Debekatzen ez badute, eskubide murrizketa, alderdien eta erakundeen legez kanporatzea eta beste salatuko dituzte Adierazi EHk deitutako manifestazioan, Bilbon, etzi. Ikusten duzu loturaren bat Txilen gertatu zaizunaren eta Euskal Herrian gertatzen ari denaren artean?

Errealitateak oso bestelakoak badira ere -maputxe herria Txileko txiroenetakoa da, eta haien aberastasun gehienak besteen eskuetan daude, esaterako-, gizarte protesta kriminalizatzeari dagokionez badago egoera biak nondik lotu. Urrun banago ere, Euskal Herriko egoera jarraitzen dut, eta sortu berri den itxaropena berriz ere zapuztuko ez digutelakoan nago. Pazientzia, indarra eta irmotasuna beharko dira bai hor bai hemen. Bidezkotasuna eta legezkotasuna ez dira eskutik joaten. Nik, legezkotasunaren gainetik, bidezkotasunari eustea nahiago izan dut beti. Zorionez, asko gara hori sinesten dugunok, ditugun sistema demokratikoek jendearen borondatea mozorrotu eta ito arren.

(2010-09-09an Berria egunkarian argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia