euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asel Luzarraga idazle eta penkidearen atxiloketaren aurrean Euskal PEN Klubaren agiria askatzea eskatuz

2010/01/05

Txileko poliziak Asel Luzarraga atxilotu zuen momentua, inork bere inguruan sinesten ez duten salaketa eta karguak egotziz
Txileko poliziak Asel Luzarraga atxilotu zuen momentua, inork bere inguruan sinesten ez duten salaketa eta karguak egotziz

PUBLIZITATEA

Joan den ostegunean, amaitu berria den urteko azken egunean atxilotu zuten Txilen, bizileku duen Padre de las Casas herrian, maputxeen lur historikoa den Temuco aldean, Asel Luzarraga idazle euskalduna. Poliziak eta fiskalak atentatu saiakera batekin lotu nahi dute, eta are gehiago, iaz bera oraindik Txilen ez zegoela gertatutako beste atentatu eta gertaera batzuekin. Bere etxean eginiko miaketan bolbora topatu dutela diote, eta ideia anarkistak dituela eta maputxeen alde dagoela esanez biribiltzen dute euren lehenengo esaldi hori. Luzarraga ezagutzen dutenek ez dute sinesten, horien artean bera kide duen Euskal PEN Klubak. Hona idazle elkarte horrek plazaratu duen agiria.

Euskal PEN Kluba. 2009eko azken egunean, abenduaren 31ean, Asel Luzarraga atxilotu zuten Txilen, Padre las Casas-eko bere etxean.

Ordu batzuk lehenago lehergailu bat aurkitu zuten Txileko “La Araucanía” eskualdeko Justizia idazkaritzan. Lehergailua bolbora beltzez betetako su-itzalgailu batez egin zen eta txaleko batez estalia zegoen idazkaritzak atarian duen lorategian. Atentatuak huts egin zuen, gailuak ez zuen leher egin, detonazio mekanismoak huts egin zuelako.

Cristian Dulansky Araya-k, Txileko La Araucanía eskualdeko Cautín probintziako gobernadoreak, kereila jarri zuen Asel Luzarragaren aurka Txileko Berme Epaitegian, eta epaileak onartu egin zuen. Atxilotutakoan, bere etxea miatu zuten eta iturri ofizialek diotenez, su-itzalgailu huts bat, bolbora eta metxak aurkitu zituzten.

Euskal PENeko zuzendaritzakoak telefonoz mintzatu dira Luzarragarekin eta berak konfirmatu du ez zuela jakin zergatik ari ziren atxilotzen eta, gainera, ez duela zerikusirik leporatutako karguekin. Guk ikusten dugun moduan, Aselen aurka jarritako kereilaren helburua da hark maputxeen alde egiten duen lana etetea, deserosoa baita.

Asel Luzarraga idazlea da, itzultzailea eta musikaria. Lau nobela argitaratu ditu Hamaika ispilu ganbil (2003), Karonte (2005), Mozorroaren xarma (2007) eta Abaraska (2008), eta Punkamine musika taldeko abeslari ohia da. Honetaz gain bi blog pertsonal mantentzen ditu: Bata Goiena.net-en duena eta bestea Gorribeltzean izenekoa.

Egun, Euskal PENeko Zuzendaritza Batzordekidea da.

[Ikus hemen Euskal PEN Klubak plazaratutako agiria, Txileko agintariei zuzendua, Asel Luzarragaren askatasuna eskatuz]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia