euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Artzain-gazta Brasilen

2006/06/06

PUBLIZITATEA

Euskal Herritik kanpo bizi den euskaldun baten ikuspuntutik egiten digu gogoeta Brasilgo Sao Paulotik Iker Azkue Lete hondarribiarrak. Euskaldunentzat jateak, eta etxeko gustu, usain eta ohiturek daukaten garrantziaz eta gure eguneroko bizitzan dagokien toki bereziaz ari zaigu. Kanpoan dagoenak jateko kontuekin daukan harreman bereziaz.

Iker Azkue Lete
[Euskara irakaslea Unibertsitatean, Brasilgo Sao Paulon]

Sao Paulo hiria Hegoameriketako hiri handiena da. Kultura dibertsitatean ere oparoena izango da dudarik gabe. Herrialde guztietatik etorritako jendeak osatzen du mega-entsalada tropikal hau. Japoniarrak, txinatarrak, korearrak, italiarrak, espaniarrak, portugaldarrak, libanesak, errusiarrak, peruarrak, bolibiarrak, argentinarrak, etabar luze bat. Eta noski, saltsa guztietako perrexila bezala, euskaldunak ere baditugu hemen. Eta kultura bakoitzak, berarekin, ohiturez gain gastronomia ere ekarri du.

Sao Paulo omen da munduan jatetxe gehien dituen hiria. Afari bat prestatzeko erosketak egitera goazenean ere, edozein herrialdeko produktuak aurki ditzakegu. Japoniako sustrai arraroena aurkituko dugu Liberdade auzo japoniarrean, edo pasta fresko barrubeteak auzo italiarrean, edo edozein jaki arabiar hauek dauzkaten hainbat dendetan, edo... nahi duzuna. Beno, ia guztia. Izan ere, gure Euskal Herrian dauzkagun hainbat altxor gastronomiko ez dira aurkitzen hemengo merkatu handian.

Adibidez, artzain euskaldunek egiten duten gazta goxoa. Dirudienez, Euskal Herriko euskaldunek dena jaten dute. Eskerrak, noizean behin, kanpoan gaudenok Euskal Herrira hurbiltzeko aukera dugun eta maleta gaztaz, urdaiazpikoz, atunez, txorizoz, olioz, sagardoz, ardoz beteta ekartzen dugun. Harrigarria da gure produktuez dugun lotura.

Ziur nago urte bat baino gehiago kanpoan dagoen euskaldun orok baduela txoko sekreturen bat etxean bere gutiziatxoak gordetzeko. Txoko hori betetzeko beste bide bat ere badago. Lagunak. Aldiro, lagunen bat edo beste etortzen da bisitan eta altxorren bat ekartzen digu opari bezala. Halaxe izan zen azkenengoz jan genuen artzain-gaztaren jatorria.

Ostiralean jan genuen, euskara-klasearen ostean. Lehenik Euskal Herriko artzainei buruz hitzaldi-diaporama bat izan genuen irakasle hondarribiarraren eskutik, eta bukatzeko, erremate ezin hobea, ikasle brasildarrek artzain-gazta dastatzeko aukera izan zuten.

Eta despentsa ia hutsik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia