euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arturo Campion Zentruak Gernikaren 70. urteurrena gogoratuko du apirilean egingo den zinemaldi batekin

2007/03/23

El Chaco probintziaren baitango Komunikabideen Museoa, Resistentzia hiriburuan; Fabio Echarri euskal-argentinarra da bertako zuzendari
El Chaco probintziaren baitango Komunikabideen Museoa, Resistentzia hiriburuan; Fabio Echarri euskal-argentinarra da bertako zuzendari

PUBLIZITATEA

Hasiak dira munduko euskal etxeak Gernikako bonbardaketaren urteurrenerako prestatu dituzten ekitaldien berri ematen. Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentroa horietako bat da eta Argentina iparraldeko El Chaco probintziako Komunikabideen Museoarekin batera hil osoko programa antolatu du Resistentzia hiriburuan. 1936ko guda eta frankismo garaiari buruzko pasarteak biltzen dituen zinemaldia eta Gernikari buruzko erakusketa bat egitarautu ditu.
Lapridako Euskal Etxearen baitan sortutako Arturo Campion Euskal Kultura eta Abertzaletasunaren Ikasketa Zentroak bat egin du Gernikako bonbardaketaren 70 urteurrena gogoratzen duten ekitaldiekin eta Chacoko Resistencia hirian egingo den hilabete osoko egitarau aberatsa prestatu du. Chacoko Komunikabideen Museoaren partaidetza izan du Arturo Campionek ekimen hau aurrera ateratzeko orduan eta museoko zuzendari Fabio Echarrik, euskal jatorrikoa berau, babes osoa eman dio. Programaren proposamen nagusietako bat Historias en la España Fascista (Istorioak Espainia faxistan) izenburudun zinemaldia izango da, apiril osoan ikusgai izango dena.

Zinemaldiko pelikulak ostegunero emango dira museoaren Auditorioan. Ziklo honen helburua 'Espainian bizi izan zen 30 urteko diktaduraren historia ezagutaraztea' eta ' 36ko gudaren zergati eta ondorioak zeintzuk izan ziren erakustea' da, antolatzaileek azaldu dutenaren arabera. Zinemaldian ikusi ahal izango diren filmek gai politiko, kultural eta sozialak jorratuko dituzte, guda atarian zein ondoren gertatutakoa agertuz.

Frankismo garaia zinearen eskutik

Zinemaldia apirilaren 5ean hasiko da, 'La lengua de las mariposas' (1999) filmearekin. José Luis Cuerda da zuzendaria eta Fernando Fernán Gómez eta Manuel Lozano antzezle nagusiak. Luzemetraiak 'bizia eta askatasuna maite dituen irakasle errepublikar baten istoria' agertzen du. Hurrengo emanaldia 12an izango da, Ken Loach zuzendariaren ‘Tierra y Libertad’ (1994) filmarekin. Ian Hart, Rosana Pastor eta Icíar Bollaín dira protagonistak eta filmak Kataluniako herri gudarosteetan alistatzen den ingeles baten esperientzia kontatzen du, talde hauek defendatzen zuten ideien alde borrokan: askatasuna, berdintasuna eta lur eta abersatasunen kolektibizazioa.

Apirilaren 19a ‘Muerte en Granada’ filma izango da ikusgai. Marcos Zurinaga zuzendu eta Esai Morales, Edward James Olmos eta Andy García aktoreek antzezten dute. Argumentua Federico García Lorca Granadako poeta ezagunaren hilketa da. Zikloa apirilaren 26ean bukatuko da, hain zuzen ere, Gernika bonbardatu zuteneko egun bera. Egun honetarako aukeratu duten filma ‘El lápiz del carpintero' izango da, Antón Reixa galiziarrak zuzendua. Tristán Ulloa, Luis Tosar eta María Pujalte dira antzezleak eta filmak ikusleen saria jaso zuen 2004ko Mar del Platako Zinemaldian. Gartzela frankista batean espetxeratutako mediku baten istoria kontatzen du filmak.

'Gernika: hondamenaren sekuentziak'

Arturo Campion zentruak antolatu duen beste ekitaldi nagusia 'Gernika: hondamenaren sekuentziak' erakusketa izango da. Apirilaren 1etik 30era izango da ikusgai, Komunikabideen Museoko Behin-Behineko Erakusketa Aretoan. 14 afitxek osatzen dute instalazioa, bonbardaketa ondoren Gernika nola gelditu zen eta gaur egungo herriaren irudiak bilduz. Lamina bakoitzak azalpen testua dauka ondoan. Erakusketaren asmoa, antolatzaileen esanetan 'gudaraino eraman zuten zuten gertakariak zeintzuk izan ziren, euskal partehartzea nolakoa izan zen eta bonbardaketa eta bere eragina nolakoak izan ziren' azaltzea da.

Erakusketarekin batera gaiari buruzko mintzaldiak egingo dira museoan, bisitan datozen eskoletako taldeentzako. Mintzaldi hauen arduraduna Fabio Echarri, museoaren zuzendaria, izango da. Resistentziako ekitaldiak bukatu ostean, hau da, maiatzetik aitzina, erakusketa hau Argentinako beste euskal etxeei uzteko prest daudela azaldu dute Arturo Campioneko arduradunek. Erakusketa bere euskal etxean aurkeztu nahi duenak Arturo Campioneko kideekin haremanetan jarri behar du.


Lotura interesgarriak

Gernika, Bakearen sinboloa
Euskarazko Wikipedian

Bonbardaketari buruz informazio gehiago
Gaztelaniazko Wikipedian

Gernika Gogoratuz, Bakerako Ikerketa Zentroa
www.gernikagogoratuz.org

Gernikak erasoaren 70. urteurrena gogoratuko du aurten
EuskaKultura.com-en argitaratua, 2007ko otsailaren 2an

Arturo Campion Zentroak bere webgunea aurkeztuko du
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia