Buenos Aires, Argentina. Etxepare Euskal Institutuak eta IMHICIHU-CONICETek (REVA, Red de Estudios Vascos en Argentina) bultzatutako Amale Artetxe katedrak Laura Pego Otero, Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea eta abokatua, gonbidatu zuen aurten azaroaren 6tik 14ra Argentinan eskolak eta hitzaldiak ematera. Egonaldi horren baitan, astearte honetan, azaroaren 14, frankismo garaiko errepresioari buruzko hitzaldi irekia eskainiko du, Sara Pagola Eusko Jaurlaritzaren Argentina-Mercosurreko ordezkaria aurkezle duela.
Aurreko asteartean, hilaren 7an, Otero doktoreak UBAko Gizarte Zientzien Fakultateko Soziologia Karreraren XV. Jardunaldietan hartu zuen parte, "Justizia, Argentinan eta mundu osoan egindako estatu-krimenentzat. Abordatze soziologikoak eta mundu judizialarekiko elkarrizketak" gaiari buruzko mahai batean. Asteazkenean zein ostegunean, eskolak eman zituen honako izeneko Mintegi Berezian: "Giza Eskubideen babesa torturen eta bestelako tratu edo zigor krudel edo umiliagarrien aurrean" Lanuseko Unibertsitate Nazionaleko Giza Eskubideen Doktoretzan. Halaber, José C. Pazeko Unibertsitate Nazionalean eta Espetxe Prozesamendurako Egoitzan bere ikerketari buruzko bilerak egin ditu.
Kongresu Nazionaleko Liburutegian
Pego Otero “Euskadin Gertatutako Tortura eta Tratu Txarrak (1960-2014)” ikerketa proiektuan parte hartutakoa da proiektuko zuzendari Pako Etxeberriarekin, Benito Morentinekin eta Martin Beristainekin batera. Bihar asteartea, hitzaldi irekia emango du "Frankismoaren errepresioa euskal emakumeei buruz. Gerra Zibilean eta Lehen Gerraostean Saturrarango espetxean preso egondako emakumeen egoera" izenburupean, interesa duten guztiei zabalik. Hitzordua, Nazio Argentinarraren Kongresuko Liburutegiko Piglia tabernan da (Adolfo Alsina 1835), arratsaldeko 6etan.