Mallorca, Espainia. Urtero martxoaren lehenean ospatzen dute Balear Irletan 'Les Illes Balears Eguna', eta Mallorcako Artea Euskal Etxea urtero parte hartzen saiatzen da ospakizun honen karietara hirian instalatzen diren txoznetan, atzo bertan egin zuen moduan, bere txozna berezituarekin, euskaldunen presentzia agerrarazi eta "gure elkartearen jarduerak eta gure kultura aurkeztuz errezibitu gaituen Mallorcako jendarteari, eta aukera emanez guregana heltzeko hemen bizi diren bateko eta besteko euskaldun ugariei", esan digu Arteatik Aingeru Merlok.
Euskal Etxeko txoznan "txakolina, garagardoa, ardo gorria eta freskagarriak eskaintzen ditugu. Txaka pintxoak, odolkia, idiazabal gazta, ahuntz gazta, txistorra, gildak... gure alaitasuna eta umore onarekin batera, euskal musika lagun". "Emaitza ekonomikoa ez da hain handia baina gustura geratzen gara besteak beste elkarrekin lan egiteak bazkideon artean sortzen duen senidetasun giroagatik", laburbiltzen du Merlok.
Artea Euskal Etxearen txozna, euskal ordezkari Les Illes Balears Eguneko txozna Fira edo Azokan
Otsailaren 19ko Pintxo-potea egin zuten hiriko Lizarran ostatuan, txalaparta eta kantuak lagun
Txangoa antolatu zuen Arteak otsailaren 8an 'Mirador d'en Josep Sastre' behatoki ikusgarrira
Honekin batera, bukatu berria den otsailean euskal etxeak egin dituen ekitaldien artean azpimarra daitezke hilaren 19an, asteazkena, antolatu zuen Pintxo-potea, Lizarran ostatuan, euskal musika, txalaparta eta kantutegia astintzea faltatu ez zirela. 8an, berriz, txangoa, Josep Sastre Behatokira.