euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arte eta gastronomia arloko ekimenak erakutsiz aurkeztu da Euskadi Fox Zentroak Mexikon antolatutako jaian

2010/05/12

Vicente Fox mexikar presidente ohia eta Julian Celaya Jaurlaritzako Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendariarekin, oraingo ekimena koordinatzeko izan zuten bileran
Vicente Fox mexikar presidente ohia eta Julian Celaya Jaurlaritzako Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendariarekin, oraingo ekimena koordinatzeko izan zuten bileran

PUBLIZITATEA

Euskal Autonomia Erkidegoak bi arte-erakusketa, gastronomia-erakusketa bat eta Picassoren "Gernika" lanaren erreprodukzio erraldoi bat ekarri ditu Fox Fundazioak Mexikon zabaldu duen ekimenera. Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendari Julián Celayak dio "aukera paregabea" dela hau Euskadiren irudia Mexikon zabaltzeko eta mexikarrak Euskadi bisitatzera anima daitezen. Nazioareko jaialdiak datorren igandera arte, maiatzak 16, izango ditu zabalik ateak Guanajuaton.

Mexiko Hiria, Mexiko. Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Ordezkaritzak Euskadiko kultura eta gastronomia ezagutaraziko ditu maiatzaren 7tik 16ra Mexikoko Vicente Fox presidenteak sortutako Guanajuatoko Fox Zentroan ospatuko den Festival Cultural Internacional España, el Legado Cultural izeneko jaialdiaren baitan. Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendari Julián Celaya izan zen Eusko Jaurlaritzaren ordezkari maiatzaren 7an Fox Zentroan egin zen festa-afarian. Han izan zen baita ere Espainiak Mexikon duen enbaxadore Manuel Alabart jauna, euskal ordezkaritza mexikarretik adierazi dutenez.

Julián Celayak nabarmendu zuen Euskadik ekimen honetan parte hartzea "harro egoteko modukoa d(el)a, eta aukera paregabea" Euskadiko kultura, gastronomia eta turismoa Mexikon ezagutarazteko, "mexikarrak Euskadi bisitatzera anima daitezen eta bertatik bertara ezagut dezaten zein aberatsa den autonomia-erkidego hau". Celayaren esanetan, Mexikok "lehentasuna du Euskadirentzat, munduan euskal enpresari gehien dituen herrialdea baita. Zehazki, Euskadiko 160 enpresa inguru daude Mexikon".

Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Ordezkaritzak 7 metro luze den stand bat ekarri du hitzordu honetara, bertan Picassoren Gernikaren erreprodukzio erraldoi bat ezarrita, Euskadiko turismoari buruzko informazio-gune bat eta baita Gorka Larrañaga gipuzkoar artistaren erakusketa bat ere. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortuta eta Euskadiko Filmotekak kudeatzen duen Kimuak saileko izenburuak ere bertaratu ditu. Gainera, Bilboko Guggenheim Museoaren aurrealdearen erreprodukzio bat ere jarri du leihate batean erakusgai. Javier Riaño eta Gorka Larrañaga euskal artistek ere parte hartzen dute formatu handiko obrekin.

Euskal partaidetzak 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izan dadin garatzen ari den ahaleginen berri ere emango du, Donostia hautagaitzat sustatuz. Euskal artista gazteen sormena ere ezagutaraziko du, maila art. izeneko formatuko erakusketa berritzaile batekin. Euskadiko gastronomia ere ordezkatuta dago bertan, Mexikoko Euskal sukaldarien Sukalde elkarteak parte hartzen ari baita, Juantxo Sánchez sukaldaria buru duela.

Egun dagoeneko Euskadira atzera etorria den Julián Celayak Mexikoko bisitaldia Kanpoko Mexikarren Institutuarekin --Mexikar Gobernuko Kanpo Harremenetarako Idazkaritzaren menekoa-- eta Migrazio Institutu Nazionaleko arduradunekin biltzeko baliatu zuen.

-Festival Cultural Internacional España

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia