euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arte erakusketa babestu du Azulgo Gure Txokoak, zinema saioekin darrai eta zikloa ari da ematen Cristobal Balenciagaz

2024/10/18

Gure Txokoaren zuzendaritza batzordeko kideak, "López Claro" Udal Arte Museoko zuzendari Luis Tapiarekin batera, Graciela Aguerren "Pampa" erakusketaren inaugurazioan
Gure Txokoaren zuzendaritza batzordeko kideak, "López Claro" Udal Arte Museoko zuzendari Luis Tapiarekin batera, Graciela Aguerren "Pampa" erakusketaren inaugurazioan

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak eskatuta, Graciela Aguerre artista plastikoaren "Pampa" erakusketa inauguratu zen joan den urriaren 4an hiriko 'López Claro' Udal Arte Museoan. Formatu txikiko koadro sorta bat erakusgai. Bertan, margolariak Pampako lautada erraldoiko bizitzaren irudikapen leial eta ebokatzailea eskaini nahi du. Ekimeneko babesle dira Azulgo Udaleko Kultura Zuzendaritza, López Claro Museoaren Lagunen Elkartea eta Gure Txokoa Azulgo Euskal Etxea.

Graciela Aguerre Rauchen jaio zen 1933an. Banakako erakusketa ugari egin ditu, bai Argentinan, bai kanpoan. Erakusketa kolektibo askotan parte hartu du, baita atzerriko arte azoketan ere. Sari eta aipamen ugari jaso ditu. Haurtzaroan naturarekiko zuen hurbiltasunak maitasun sakona piztu zuen, urte batzuetara inspirazio iturri bihurtuko zena. Erakusketa urriaren 31ra arte egongo da ikusgai, asteartetik ostiralera, 8etatik 12etara eta 14etatik 18etara. Larunbat eta igandeetan, berriz, 16etatik 19etara.

 
Graciela Aguerre artistaren obra "López Claro" Udal Arte Museoan dago ikusgai

Euskal zinema eta "Cristóbal Balenciaga" telesaila

Martxoan hasitako 2024ko Euskal Zinema Zikloa garatzen jarraitzen du Gure Txokoak. Hilabete bakoitzeko laugarren igandean euskal produkzioren bat, edo euskal zuzendari edo gaia jorratzen duen filma bat proiektatzen dute, sarrera libre eta doakoa. Hurrengoa Felix Viscarret zuzendari nafarraren “Ez begiratu begietara” izango da. Horretaz gain, urriko hiru saiotan zehar, "Cristóbal Balenciaga" telesaileko sei atalak (sei dira) eskainiko ditu, getariar moda-diseinatzaile ospetsuaren bizitzaz. Zuzendari Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Lourdes Iglesias dituen lan honek jostun getariarra Parisen, nazioarteko modaren erdigunean, bizi eta lan egin zuen urteak biltzen ditu, Coco Chanel garaikide.

"Cristobal Balenciaga" zikloa joan den ostiralean, urriaren 11an, hasi zen. Gaur ostirala, 18a, bigarren hitzordua izango da, eta hilaren 25ean amaituko. Proiekzioa 19etan abiatuko da eta topaketa bakoitzean bi atal proiektatzen dira, 15 minutuko tartearekin, pintxoak eta edari bat hartzeko aukerarekin. Oso harrera ona izan du, eta bertaratu berriak ekarri ditu euskal etxera, tartean, Ana Maria Dall´Aglio, María del Pilar Marichalar gipuzkoarraren alaba. “Interesatzen zait, nire ama, errepublikar erbesteratua, Argentinara iritsi zeneko garaia hartzen duelako, eta 15 urterekin Balenciaga nire amonarekin harremanetan jarri zelako ama modelo gisa has zedin eskatuz, baina amonak ezezkoa eman zion”, azaldu du alaba euskal azuldarrak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia