Buenos Aires, Argentina . Bilbon jaio eta Parisen gazterik oso, 20 urteak betetzeke biriketako gaitz batez hil zen Juan Crisostomo Arriaga (1806 - 4826) musikagile bilbotar handiaren lana lehenengoz entzungo da zuzenean Buenos Airesen, bertako Ensamble Concentus BAren eskutik, Ricardo Sciammarella zuzendari argentinarraren batutapean, bihar ostirala, azaroaren 10ean, Colón Antzokiko Urrezko Aretoan, iluntzeko 5:30etan.
Konpositore bilbotarraren “Los esclavos felices" (Esklabu zoriontsuak) operaren Obertura izan ezik —hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2000. urtean Argentinan egin zuen biran interpretatu baitzuten— errepertorioaren gainerakoa benetako estreinaldia izango da herrialdean eta, ziurrenik, Latinoamerika osoan. Concentus BA Ensambleak joko duen programak Obertura Op 1, Obertura Op 20, “Los Esclavos Felices (Esklabu zoriontsuak)” operaren Obertura eta Sinfonia re minorrean baitaratuko ditu.
Gaur entsegu orokor irekia Laurak Baten
Colon Antzokiko biharko emanaldira joaterik ez dutenek Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxeko (Av. Belgrano 1144) Pedro Basaldua aretoan egingo den entsegu orokor irekiaz gozatzeko aukera izango dute gaur arratsaldeko 6etan. Kontzertuak Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren babesa ere jaso du eta hiriburu argentinarreko Loiolako San Inazio Elizan ere grabatuko du Allegro HD telebista-kateak, Latinoamerikako zazpi herrialdetan emititzeko.
Ensamble Concentus BA pandemiaren garaian sortu zen. Talde historizista gaztea da, Europako eta Hego Amerikako errepertorio klasiko erromantikoari emana. Argentinako hainbat probintziatako musikariak dauzka partaide, batez ere Mendoza, Santiago del Estero, Cordoba eta Santa Fekoak, eta baita Txile, Brasil, Paraguai eta Uruguai bezalako herrialdeetako musikariak ere.
Kontzertuaren sarrerak fisikoki Colón Antzokiko leihatilan eros daitezke, edo antzokiaren webgunean.