Arrecifes, Argentina. 2023a amaitzeko oso egun gutxi falta direla, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak lan ona egin izanaren pozez eman dio azken agurra urteari. Asteroko tailerrak eskaintzeko hartutako erabakiak arrakasta handia izan zuen eta 150 lagunetik gora ibili dira urtean zehar “La Vasca”n, jarduera ezberdinetan parte hartuz eta jai ugariekin bat eginez. Abenduaren 17an, igandea, Buenos Aires probintziako hainbat herritan izandako ekaitz izugarriak jo zuen arren, Urte Amaierako Topaketa normaltasunez egin ahal izan zen. Helduek eta haurrek Tailerren Erakustaldiaz gozatu zuten eta, batez ere, hilabeteetako ahaleginaren emaitza plazaratu eta partekatu ahal izan zuten.
Astero, urtean zehar, 150 pertsonatik gora ibili dira Euskal Etxeko tailerretan eta horien emaitza bozkarioz eta harro plazaratu eta partekatu zen Urte Amaierako Topaketa eta Erakustaldi honetan
Euskara ikastaroak Arrecifesko Euskal Etxearen ekitaldi esanguratsuenetakoak dira eta Erakustaldia inauguratzea egokitu zitzaien. Sebastian Amayak eta Teresa de Zavaletak online emandako ikastaroetako ikasleek, herrialdeko hainbat tokitatik euren burua aurkeztu eta agurtu zuten bideoen bidez. Paula Cordobak koordinatutako antzerki taldeak oihal margotuzko pieza garrantzitsu bat eman zion Euskal Etxeari, Gernikako Bonbardaketari buruzko obraren eszenografiaren zati bat, hain zuzen ere.
Musikari dagokionez, Miriam Garcíaren zuzendaritzapean, Abesbatzak kantatu zuen eta Maral taldeko abeslari Mariana Dominéren eskutik, helduentzako kantu libre eta olgetarako Tailerrak ere emanaldia eskaini zuen. Neskentzako Futbol Eskola, patinaje-tailerrarekin batera, hasi berria den jardueretako bat da. Luis Lombard entrenatzailearen eskutik, han izan ziren gazte horiek ere, herri mailako lehiaketetan La Vasca ordezkatu izanaren esperientzia harrotasunez kontatzen. Bestalde, neska patinatzaileek, Norali Zaffaroni zuzendari, publikoa txunditu zuten euren trebetasunez, "Orpo punta" gurpilen gainean dantzatzen.
Emozioa, esker ona, zorionak eta txaloak
“Erakusketa ederra izan zen, gozatu ahal izan genuen eta, gainera, azken aldi honetan elkartean sartu berriak diren pertsona askorentzat aukera paregabea izan zen elkar ezagutzeko, eta hori oso beharrezkoa da», adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskaldunak Denak Bateko lehendakari Teresa de Zavaletak. Emozioz, esker onez, zorionez eta txaloz betetako gaua izan zen. Txalo bat, bereziki handia, zuzendaritza batzordeko kideei eskainia, urtean zehar Euskal Etxean sortu diren eskakizun guztiekin egin duten bezala, kantinaz arduratu eta herri dantzaldiak sortutako egarria baretu zutelako.