euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat EEko dantzari txikienek "udaleku egunbete" batez gozatu zuten euskal egoitzan

2025/02/06

"Irrifarrak" dantzari talde gazteenaren udalekuko postalak: jolasak, afaria eta udako kanpaldia Arrecifeseko Euskal Etxeko patioan
"Irrifarrak" dantzari talde gazteenaren udalekuko postalak: jolasak, afaria eta udako kanpaldia Arrecifeseko Euskal Etxeko patioan

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Urtarrilean, udako sasoian gaude Argentinan, eta euskal etxeen ohiko jardueren etetea luzeegia egin ohi zaie txikienei, laguntxoekin elkartzeko irrikaz egoten baitira. Itxaronaldia laburtzeko, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak udaleku moduko bat antolatu zuen urtarrileko azken asteburuan “Irrifarrak” dantza taldeko kideentzat. 15 txiki —5 eta 13 urte bitartekoak— elkartu ziren Euskal Etxearen egoitzan ostiral iluntzean, dendak eta lo-zakuak hartuta, jolas egun bat eta EEko patioan izarren azpian lo egiteko esperientzia partekatzeko eta larunbat eguerdi aldean adio esateko elkarri, baina ez bolada luze batean, aste honetan berriro ekin baitiete entseguei, datorren larunbatean, otsailaren 15ean, Euskal Etxeak 103 urteak erromeria batekin ospatuko baititu eta bertan arituko baitira.

Irrifarrak-eko bi taldeen —txikienenak 5 eta 9 urte bitartekoak biltzen ditu eta ertainenak 10 eta 13 urte artekoak— arduradun den Anabela Bilbaoren eskutik eta guraso talde bat laguntzaile, haurrek jolas betean gozatu zuten ilunabarraz. Jolasen artean, buru-hausgarriak osatzea, altxorraren bilaketa Euskal Etxearen instalazioetan eta euskal kulturara egokitutako beste jolas tradizional batzuk, hala nola aulkiaren jokoa euskal dantzarekin, edota “euskal trajea jantzi” ahalik eta denbora laburrenean. Oihal-etxolak muntatzea, lo-zakuak zabaltzea, elkarrekin afaltzea, egunsentia lagunez inguratuta eta gosaria beraiekin partekatzea ahaztuko ez dituzten eta oroitzapen kuttunen bilduman gordeko dituzten irudiak izango dituzte seguruenik.

“Udalekuak kidetasuna eta adiskidetasuna sendotzea izan du helburu, eta Euskal Etxean elkartzea ez bakarrik entseatzeko, baizik eta jolasteko, abesteko eta elkarrekin askoz denbora gehiago partekatzeko ere”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Lujan Valielak, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bateko zuzendaritza batzordeko kide eta udalekuan laguntzaile aritu denak. Esperientziari dagokionez, laburbildu du esanez "uneak oro oso pozgarriak" izan zirela. “Adinen arteko aldea nabarmena nazen ere, bizikidetza bikaina izan zen, lagunarte ikusgarria bizi izan zen". Haurren, euren familien eta antolatzaileen gogo bizia ikusita, ez dirudi azken udalekua izango denik.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia