euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifesko Euskaldunak Denak Batek dantzatuz eta erakundearen webgunea estreinatuz eman dio agurra 2009ari

2009/12/29

Euskal etxeko txikien dantza taldea (argazkiak EE)
Euskal etxeko txikien dantza taldea (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Asko dira urtean zehar Arrecifesko Euskal Etxeak antolatzen dituen ekintzak. Errepidea hartuz beste euskal etxe batzuek eratutako jardueretan ere hartzen dute parte Euskaldunak Denak Bat-eko kideek, hala nola, Cañuelasko 'Dantzari Egunean', edota Euskal Astean, batzuk aipatzearren. Alabaina, arrecifestarren urte amaierako festak zapore berezia izan ohi du arrazoi bat baino gehiagogatik: alde batetik, etxean egiten diren ekintzetako partaideak biltzen direlako; bestetik, herritik kanpo bizi direnak (euskal) etxera bueltatzen direlako jaiegunak pasatzera. Horrela, lagunen artean, agur esan zioten Arrecifesko euskaldunek mementu goibel baina alaiak ere daramatzan 2009 urteari.

Arrecifes, Argentina. Joan den abenduaren 20an beste urte bati agur esan zioten Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko kide eta lagunek. Arratsaldeko zazpiak aldera,  egoitzako 'Haritzaren Patioa' gunean, Renzo Bustos eta Juan Ignacio Sáez Abarrategui dantzariek “Aurreskua” dantzatu zioten euskal etxeko lehendakari Marilyn Bóveda Aldazabal-i. Ohorezko dantza honekin festari hasiera eman zitzaion. Ondoren, Etxeko dantza talde guztiek euren koreografiak aurkezteko aukera izan zuten.

Ugarritzak-ekoek “Fandango”, “Arin-Arin” eta “Orbaizeta” eskaini zizkioten bildutako jendeari. Jarraian, Marianela Rimini, Miguel Garcia Bernaus eta Renzo Bustos-en eskutik txikienak igo ziren oholtzara “Orpo punta”, “Mari Balentxi” eta “Ikurrinarena” egitera. Teresa de Zavaleta irakasle, nerabeen taldeak dantzak, dokumentalak eta antzerkia batuz, ikuskizun bat prestatu zuen aurtengo jairako: antzinako emakumeen omenez, lihoa egiteko prozesu eta aldi berean ezkontzarako bideko prozesuari buruzko lau zatiko antzezlana egin zuten talde honetako neskek. Lehenengoan, Baserrian izenekoa, neskak baserriko lanak egiten ikusi ahal ziren; bigarrenean, Zelaian, lurra lantzen zuten bitartean abesten zuten; hurrengo eszenan, Plazan, neska batek bere mutila ezagutu eta “Jaurrieta dantza”, “Fandango” eta “Arin-Arin” interpretatu zituzten; eta bukatzeko, Ezkontzan izeneko zatian, ezkontza bera antzeztu zuten eta “Lore Arku” dantzatu.

Euskaldunak Denak Bat Urte amaierako jaia

[Euskal Etxeko "Txiki Zaharrak" Taldea (argazkia EE)]

Dantzaldiko azken taldea Txiki Zaharrak izan zen. Victoria Saez Abarrateguiren gidaritzapean, Etxeko lagun helduenek osatutako taldeak, kolore biziko arropaz jantzita, “Lantzeko Inauteria” eta jauzi bat egin zituzten. Erakustaldia bukatuta, jaia luzatu zen ordu txikiak arte.

Urte berriari begira, webgune berria

Beste alde batetik, Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko kideek pasa den astean abiatu dute elkarteko webgune berria. Orrian, erakundearen historia, ekintzak, egutegia, argazkiak, kideen informazioa, berriak eta beste datu batzuk eskura daitezke. Nahiz eta baliabide batzuk oraindik amaitu gabe egon, nahi duenak bisitatu ahal du helbide honetan: www.centrovascoarrecifes.com.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia