Arrecifes, Argentina. Iaz ehun urte bete zituen euskal etxe arrecifestarrak tailer eta ikastaro eskaintza zabal eta anitza plazaratuz ekin dio 2023ari. Euskal tradizioari lotutako ohiko proposamenez gain —tartean euskal dantza edo, esaterako, Sebastian Amayak eta Teresa de Zavaletak ematen dituzten euskara klaseak—, Euskaldunak Denak Bat-ek jarduera berri eta berritzaileak programatu ditu aurten, emakumeentzako kirolean urratsak emanez, adibidez, neskatoentzako eta emakume helduentzako futbol tailerrak eskainiz.
Iazko irailean hasi ziren bultzatzen neskentzako futbola, arrakasta handiz. Futbolean aritzea zabaltzen ari da Argentinan emakumeen artean, kirol hau luzaz gizonezkoen zinezko gotorlekua izan ostean. Euskal Etxeko zuzendaritza batzordekide Luis Lombard koordinatzaile, gonbidapena emakume helduei ere helarazi zaie eta aste honetan bertan hasiko dira entrenatzen. Abian ipini den beste proposamen bat, adin guztiei irekitako patinaje taldearena da; ama-alabek osatzen dute, Norali Zaffaroniren eskutik.
Apirilaren 29an antzerkia Gernika gogoan
Metxi Martinich Echaniz eta Gabi Sala koordinatzaile, adin guztietarako euskal dantza tailerra erakarmen handiko beste gune bat da. Garai batean EEko dantza taldeko kide izandakoak biltzen ditu, euren bikote eta lagunak ere partaide. Gogo handiz entseatzen dute, Necocheako azaroko Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko asmoa baitute. “Irrifarrak” taldeko txikiek eta ertainek ere euren urratsetan jarraitzen dute, Anabela Bilbao Valielaren zuzendaritzapean.
Paula Cordobak koordinatzen duen antzerki tailerrak, etapa berri honetan konpromisua hartu du Euskal Herriko historia edo kulturaren inguruko lau emanaldi egitea urtean zehar. Eta lehenengoa, hain zuzen, apirilaren 29an egingo dute, Gernikaren gorazarre. Musikari dagokionez, Mariana Dominé Maraleko abeslariak, kantu libreko tailer bat darama, berrogeita hamar lagun gogotsu partaide. Era berean, erakundearen abesbatzak entseguekin jarraitzen du, Miriam Garcíaren zuzendaritzapean.
Euskara ikasleen topaketa
EEko lehendakari den Teresa de Zavaletaren hitzetan, Euskal Etxeak jarduera bizia darama, "oso pozik nago lan egiten ari garen energia eta gogoagatik", diosku. "Iazko mendeurrenak pertsona askoren itzulera eragin du, horietako asko dantzari ohiak, eta etorkizunari gogo handiz eta proiektu askorekin begiratzea. Horietako bat euskara ikasleen topaketa bat burutzea da, urtearen erdi aldera bideratzea espero dugu», adierazi dio Arrecifeseko Euskal Etxeko lehendakariak Euskalkultura.eus-i.