euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifesko Anamari Solanés Dominé euskal-argentinarra Gernika eta Diasporari buruzko dokumental baten lokarri

2017/03/14

Anamari bere amona Olgarekin, duela hamar hilabete zendua. Euskal historia eta sentimentuek bizirik diraute Diasporako euskaldunen artean
Anamari bere amona Olgarekin, duela hamar hilabete zendua. Euskal historia eta sentimentuek bizirik diraute Diasporako euskaldunen artean

PUBLIZITATEA

Aitaren zein amaren aldetik jaso du euskaltasuna, Arrecifesen, etxean. Cesar Solanés Aurtenechea eta Mariana Dominé Irigoyen-en alaba da, eta Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen Josefa Echandia Magunacelayaren hereniloba. Josefak, bere alaba Olgari transmititu zion ahozko istorioa eta katea ez da eten. Orain, bonbardaketaren 80. urteurrenean, Anamari ETBko dokumental bateko protagonista izango da, Diaspora, Gernika, Picassoren lana... Datorren astean iritsiko dira kamerak Arrecifesera, gero berarekin Europara bidaiatzeko. Ez, ez, katea ez da eten.

Arrecifes, Argentina. Anamari Solanés, César Solanés-en alaba da eta honen ama Olga Aurtenechea zen, Gernikako bonbardaketan hil zuten Josefaren biloba. Bonbardaketak eta Josefaren heriotzak familia hura markatu zuten eta egoera hartatik ihesean Argentinara etorri zirenean, eurekin ekarri zuten, euren euskaltasunarekin batera, geroztik belaunaldiz belaunaldi gaurdaino transmititu duten gomuta, gogoa eta lokarria. Izan ere, Olga duela hamar hilabete hil zen --"pil-pilean, oso gertu daukagu oraindik familian bere hutsunea", diosku Anamariren ama Mariana Dominék-- baina Arrecifesko Euskaldunak Danak Bat euskal etxea bere bigarren etxea duen familia honek ongi eusten dio harek pasatutako lekukoari, Euskal Herritik ia hamar mila kilometrora, euren bizitzako parte, ondare, sentipen eta engaiamendu bilakatua.

Datorren astean Euskal Telebistako kamerak etorriko dira Arrecifesera, eta Anamari lokarri izango duen dokumental bat grabatuko dute. Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena, sarraskia islatu zuen Pablo Picassoren obra eta Diaspora, harek guztiak Gernikako ondorengoengan utzi zuen marka. Dokumentala Arrecifesen grabatzen hasiko da, baina hemendik Gernikara eta Picassoren lana dagoen Madrilgo Reina Sofiara ere joango da, koadroa filmaren ardatz izango baita.

Hau guztia dela-eta, elkarrizketa bat egin dio joan den astean Anamariri Arrecifesen bertako kazetari batek, Lourdes Rial Muñoz-ek, Minuto Arrecifes-en, eta geuk hona bildu nahi izan dugu, gure irakurleentzat interesgarria delakoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia