euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifeseko Maral taldeak bereganatu du EuskoCantat Ahots Taldeen Nazioarteko Online Txapelketako saria

2007/11/14

Argentinako Arrecifeseko Maral taldea, eta Mariana Domine Irigoten bere kantari eta liderra, kontzertu bete-betean (argazkia EuskalKultura.com)
Argentinako Arrecifeseko Maral taldea, eta Mariana Domine Irigoten bere kantari eta liderra, kontzertu bete-betean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Arrecifesekoak dira. Mariana Domine Irigoyen, Adrian Charras, Christian Rodriguez, Billy Vogt eta Maria Eugenia Cozzak osatzen dute EuskoCantat lehiaketa irabazi duen Maral taldea. Euskaraz kantatzen eskarmentua dute, Necocheako eta Cordobako Euskal Asteetan Kepa Junkera eta Lito Vitalekin aritu izan dira gonbidatu. EuskoCantat txapelketan 'Maitia nun zira' eta 'Begira nago' bezalako kantuekin lortu dute saria. "Euskal nortasuna mantentzen laguntzeko gure ekarpena da", azaltzen dute euren jardunari eta esperientzia honi buruz. Izan ere, Maraleko kantari Mariana Dominek adierazten duenez "abesti tradizional harek zioenari jarraituz, abesten duten herriek beti eukiko dute etorkizuna".
Maral taldea osatzen duten musikariak Mariana Domine Irigoyen (ahotsa), Adrian Charras (akordeoi, programazio eta perkusioan), Billy Vogt (kitarra eta bajuan) eta Maria Eugenia Cozza (koruetan) dira. 2000. urtean sortu zuten taldea, musika errepertorio zabal bat interpretatzeko asmoz. Zazpi urte daramatza taldeak folklorea, tangoa eta herri kantuak --tartean baita euskal piezak ere-- Argentinako hainbat agertokietan aurkezten, partaideak profesionalki hazten doazen bitartean.

Taldeko abeslari eta liderra den Mariana Dominek Arrecifes-eko euskal etxearekin harreman estua du. Bertako lehendakari izatea ere suertatu izan zaio. "Betidanik parte hartu izan dut euskal etxean; nik ezin dut gogoratu, baina haurra nintzela jaietan jantzi eta zapi eta haur oihalak soinean neramatzala ateratzen omen ninduten. Euskaraz abestea niretzat aitonari berak erakutsitakoa bueltatzea da eta gainera euskal-argentinar merkatuan euskaraz zuzenean abesten zuen talderik ez zegoenez, aukera paregabea izan zen".

Arrakasta euskal asteetan

'Aita semea', 'Guk euskaraz' eta 'Lau teilatu' abesti famatuekin aurkeztu zen Maral Necochea 2005 eta Cordoba 2006 Euskal Asteetan, Kepa Junkera eta Lito Vitaleren telonero modura. Abeslariaren esanetan "esperientzia oso aberasgarria izan zen euskal etxeen harrera, giroa eta jasotako laudorioei dagokienez. Oso esperientzia alaia, benetan."

[Maral taldeak Arrecifesen emandako kontzertu bat (argazkia EuskalKultura.com)

EuskoCantat saria

EuskoCantat lehiaketaren berri izan zutenean, Maraleko partaideak aurkeztea erabaki zuten. "Eginkizun pasiboen ari garen garai honetarako aukera bikaina iruditu zitzaigun", dio irribarrez haurdun dagoen Dominek, bostgarren alaba Anastasia noiz jaioko zain. Lehiaketarako 'Maitia nun zira' prestatu zuten, denbora errekorrean, txapelketako parte hartzaile guztientzat derrigorrezko abestia.

Beste abestia, eurak hautatua, 'Begira nago' izan zen, musikalki joko gehiago ematen ziena. Eta hirugarrena 'El Seclanteño' kanta argentinarra aukeratu zuten, "oso hunkigarria" zelako. "Sari hau guretzat pizgarri bat izan da eta oso esperientzia polita gainera euskal identitatea mantentzeko borrokan partaide izateko aukera eman digun heinean. Izan ere, gure eginbeharra abestea da, abestu beharra dugu. Kantu folkloriko tradizionalak dioenari jarraiki, "kantatzen duten herriek beti edukiko dute etorkizuna".


Lotura interesgarriak

EuskoCantat: kantu lehiaketa sarean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 5ean

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Udaberriko desfilean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia