euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak Argentina osoan Txistulari Eguna egitea proposatu du

2007/08/11

Arrecifes-eko Euskaldunak Denak Bat-eko dantzariek ikurriña ohoratu zuten zapiekin
Arrecifes-eko Euskaldunak Denak Bat-eko dantzariek ikurriña ohoratu zuten zapiekin

PUBLIZITATEA

Joan den igandean San Inazio jaia egin zuten Arrecifesen, San Jose parrokian eskaini zen meza elizkizun batekin eta Euskal Etxean egin zen bazkariarekin. Bazkalostean Ana Idigorasek, elkarteko presidenteak, hitz batzuk egin zituen Potxolo Loyola txistulariaren gomutan. Joan den maiatzean zendu zen Potxolo, euskal etxearen alde makina lan eginda, eta oroitzapen ederra utzi zuen Arrecifeseko euskaldunen artean. Bere eta euskal etxeetatik pasa diren txistularien oroimenez maiatzaren 15a Txistulari Eguna bihurtzea proposatu zuten elkartekoek.
Joan den abuztuaren 5ean Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak San Inazio eguna ospatu zuen, urtero legez. Ekitaldiak 11etan hasi ziren, santuaren ohorean egiten den 'Euskaldunen meza' delakoarekin, San Jose de los Arrecifes parrokian. Jarraian 180 lagundik gora bildu ziren bazkarira, Euskal Etxeko areto nagusian --duela gutxi berritu dute--. Bertaratu zirenen artean, elkarteko kide asko eta baita San Nicolaseko Euskal Etxeko ordezkaritza bat zeuden, Damián Cebey presidentea buru zuela.

Ohiturari jarraiki Euskaldunak Denak Bateko dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen. Hasteko, txikiak aritu ziren: 20 gaztetxo inguru, Miguel García Bernaus, Marianela Rimini Azarosa eta Belén Lecunak gidatuta; ondoren, nagusien txanda heldu zen. Facundo Araguzek zuzendurik, nagusiek Arkuak, Fandango eta Arin-Arina eta Zuberoako Maskarada aurkeztu zituzten. Urtean zehar egiten duten lan gogorrak fruituak eman dituela erakutsi zuten eta datorren Aste Nazionalean erakustaldi ederra emango dutela iragarri daiteke. Arratsaldea aurrera zihoala, Juan Ignacio Saez eta Marianela Rimini Azarola txistulari gazteek jendea dantzan jarri zuten euren doinu alaiekin. Giroa aparta izan zen, batez ere zahato erakustaldian eta askok erakutsi ahal izan zuten euren abilezia. [Ezkerreko irudian, dantzari nagusi taldea Xiberoko dantzen egiten]

Txistulari Eguna egingo dute

[Goiko irudian Marianela Rimini Azarola eta Juan Ignacio Saez Abarrategui eta Juan Abasolo danbolinarekin, Potxolo Loyolaren argazki batek, gibeletik, ekitaldia gainbegiratzen duela]

Bukatzeko euskal etxeko presidenteak, Ana Idigorasek, hitza hartu zuen eta joan den maiatzaren 15ean Potxolo Loyola txistulariaren heriotzarekin Euskaldunak Denak Batek izan zuen galeraz berba egin zuen. Hori dela eta maiatzaren 15ean Txistulari Eguna ospatzea proposatu zuen, omenaldia eginez horrela Potxolo Loyola eta euskal jaietan aritu diren gainerako txistulari zerrenda luzeari. Txistulari Egun hau Argentina osora hedatzeko asmoarekin jaio den proposamena da eta txalo zaparradarekin hartu zuten ideia Arrecifesen bildutakoek.


Lotura interesgarriak

Arrecifeseko Marianela Rimini Azarola Gaztemundu 2007n
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 2an

Arrecifeseko euskaldunek azken omenaldia egin zioten Potxolori
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 24an

Zuzendaritza berria Arrecifeseko Euskaldunak Denak Baten
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia