euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat elkarteak 90 urte ospatu ditu hainbat euskaldunen ametsak betetzen

2012/02/29

Euskaldunak Denak Bat euskal etxearen 90. urtemugako irudiak (argazkiak EE)
Euskaldunak Denak Bat euskal etxearen 90. urtemugako irudiak (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Soilik euskal etxekoentzat baino, herri osoarentzako jai bihurtu zen Euskaldunak Denak Bat-en urtebetetze festa joan den otsailaren 25ean. Izan ere, ospakizunarekin hasteko antolatutako desfileak eta herrian zehar ibili ziren euskal karrozek txaloak baino ez zituzten jaso. Euskal komunitateko lagun anitzek ere hartu zuten parte 300dik gorako lagunentzako afarian; agintarien artean, Eusko Jaurlaritza eta FEVAko ordezkaritzak; euskal etxeetako ordezkari ugari ere bertaratu ziren Arrecifesera, hala nola, Pergamino, Pilar, Gral. Rodriguez, Suipacha, Mendoza, eta Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxea, Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskal etxekoak baita Euskal Echea institutukoak ere.

Arrecifes, Argentina. Itxaronaldia eta atzerako zenbaketa bukatuta, 90. urtemuga ospatzeko jaiari ekin zioten, gogor ekin ere, Euskaldunak Denak Bat euskal etxekoek joan den larunbat arratsaldeko 7ak jo zutenean. Ospakizuna bi zatitan banatu zen. Iluntzean kabalkada gauzatu zen herriko kaleen zehar. Ondoren, afari erraldoia eskaini zien euskal etxeak 300dik gorako lagunei. Hona ospakizunaren argazki eta irudi bidezko erreportajea:

EDB-en 90.urtemuga 2012 01

[“La Vasca”ren urteurren ospakizuna kalean hasi zen eta herritar guztiek izan zuten euskal kultura eta giroa zen diren aurrez aurre ikusi eta dastatzeko aukera (argazkia EuskalKultura.com)] 

 [Kabalkadako parte izan ziren karrozetan Euskal Herriko kulturari buruzko irudiak ikusi ahal ziren. Karrozen inguruan, dantzari eta musikariek higigarri eta mugimendudun bilakatu zituzten euskal postalak. Publikoak buelta osoan lagundu zituen karrozak (bideoa EE)]

EDB-en 90.urtemuga 2012 02

[Eliza eta herriko plazaren aurrean dantzari eta ikusleak euskal dantzak egiteko batu ziren. Eguraldi kaskarrak erakusketa moztera behartu zuen eta lagun guztiak euskal etxeko egoitzara abiatu ziren. Jaia antolatzeko lan handia egin zuten erakundeko lagunek. Iluntzean, berriz, gozatzeko momentua hasi zen (argazkia EuskalKultura.com)]

EDB-en 90.urtemuga 2012 03

[Mario Zaccaria aurkezle, zeremonia gaueko 10ak aldera hasi zen. Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu eta gero, erakundeko lehendakari Marilyn Boveda Aldazabalek ongietorria eman zion bildutako jendeari, eta euskal etxekoen poza adierazi zuen. Agur hitzen ondotik, hainbat erakundetako ordezkarik opariak eskuratu zizkioten Euskaldunak Denak Bat-eko lehendakariari. Lehena Arrecifes herriko Daniel Bolinaga alkatea bera izan zen; jarraitu zioten Euskaltzaleak, Laurak Bat eta Pergaminoko Lagun Onak-eko lehendakari eta ordezkariek; FEVAren izenean Ricardo Basterrak eman zion oroigarria Euskaldunak Denak Bat-eko lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, Julian Celayak. Espainiako elkarteko kideek ere omendu zuten “La Vasca” opari batekin (argazkiak EE)]

EDB-en 90.urtemuga 2012 04

[Juan Ignacio Saez Abarrateguik eta Facundo Araguz-ek izan zuten agintarientzako Aurreskua dantzatzeko ohorea. Miguel Garcia, Belen Lecuona, Franco Reina eta Maria Jose Paz dantzariek lagundu zituzten agintariak tauletara (argazkia EE)]

EDB-en 90.urtemuga 2012 05A

[Afaltzen hasi baino lehen herriko apaiz diren Juan Ceveiro eta Adrián Galligani-k etxea, etxekoak eta gonbidatuak bedeinkatu zituzten. Ondoren, Juan Lucio Agotegaray kideak 1946. urtean, egoitza inauguratu zenean, bere aitona Lucio Etxaniz Iturriak esandako hitzak irakurri zituen. Euskaldunak Denak Bat-i egindako omenaldia ixteko “Aita-semea” abestera gonbidatu zuen publikoa. (argazkia EE)]

EDB-en 90.urtemuga 2012 05B

[Euskal etxe baten ibilbidea eta dauzkan lehendakariena oso hurbil doaz. Lehendakaria pertsona bakarra da, baina bilgarri behar du izan eta bere taldearen pentsaera, ametsak eta kemena ordezkatu. 90. urtemugan lehendakari ohi guztiak gogoratu ziren: Francisco Ansalas, Martin Sarrasagüe, Andres Ferradas, Agustin Arzuaga, Ignacio Echaniz, Lucio Echaniz, Eusebio Echaniz, Mariano Basauri, Tiburcio Bilbao, Roberto Hernandorena, Jose Abarrategui, Ignacio Erteche, Camilo Echaniz, Raul Bolinaga, Alberto de Echaniz, Alicia Azarola, Maria Angelica Lugaro, Maria Luz Arteche Arrieta, Mariana Domine Irigoyen, Ana Victoria Idigoras eta Marilyn Boveda Aldazabal (argazkia EE)]

EDB-en 90.urtemuga 2012 06

[Arrecifes bereko Maral taldea eta Euskaldunak Denak Bat ia banaezinak dira. Kari horretara, musikariek izan zuten jaia ixteko ardura. Euskarazko nahiz gaztelerazko errepertorioarekin gonbidatuak hunkitu zituzten. Euskal Herriko musikak aretoa eta publikoaren bihotzak bete zituen. Taldeak gonbidaturik, Mauro Telletxea albokariak ere jo zuen kontzertuan (argazkia EE)]

[Agian momentu liluragarrienetako bat Maral-ek “Ikusi Mendizaleak” abestia egin zuenean izan zen. Anamari Solanes eta Leo Gabilondo musikari gonbidatu gisa, taldeak gazte eta hain gazteak ipini zituen dantzan (bideoa EE)]

EDB-en 90.urtemuga 2012 06B 

[Urtebetetze guztietan bezala, tarta ere egon zen. Marilyn Boveda lehendakariak, Marta Abarrategui eta Omar Gorostidi lagun, brindisa proposatu zuen zeremoniari amaiera emateko. Ondoren, erromeria goizaldeko ordu txikiak arte lukatuko zen (argazkia EE)]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia