euskal diaspora eta kultura
2014/02/25
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. "Iraganaren eta etorkizunaren arteko kate-begi eta lokarri izan ohi dira euskal etxeak. Izan ere, euren ardura nagusietako bat da arbasoen ondarea gaurkotu eta biziarazi eta belaunaldi berrien proiektuen lehen-gai eta lanabes bihurtzea". Horixe gogoan ospatu zuen bere 92. urtemuga Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeak joan den asteko asteazkenean, otsailaren 19an.
Afaria egoitzako tabernan burutu zen eta 70 bat lagun bildu ziren ‘Zorionak’ abestu eta tarta zati bat jateko, euren artean Marcos Pernicone Bitarteko Alkatea eta Julio Suarez Gobernu Idazkaria. Ohikoa denez, topa egiteko momentuan, hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei Juan Lucio Agotegaray euskal etxeko kideak.
Aipatzekoa da, euskal etxean bertan egun batzuk lehenago gauzatu zen Maral-en kontzertuan, aipamen berezi bat izan zuela ‘La Vasca’ izenarekin ezaguna den erakundearen urteurrenak. Marta Abarrateguiren hitzetan esateko, “hitz polit batzuk bota zituen Marianak (Domine Irigoyen) urtebetetzeaz eta erakundeari buruz eta euskarazko abesti bat kantatu zuen guztiok lagunduta”. Gogora dezagun Maral Taldeak harreman estua daukala euskal etxearekin eta Mariana Domine erakundeko lehendakaria izan zela 2000 eta 2004 urteen artean.
Urtebetetze festaren baitan, 2013ko ekintzak biltzen dituzten bi bideo helarazi dizkigu euskal etxe arrecifestarrak (ikus hemen 1. bideoa eta 2. bideoa ).
San Sebastian eguna Arrecifesen
Argentinako euskal etxe gehienek eten bat egin ohi dute urtarril eta otsailean agintari eta kideek merezitako oporrak hartu ahal izateko. Ez guztiek ordea. Udak ez zituen Euskaldunak Denak Bat-eko euskara ikasle eta irakasleak kikildu eta klaseetara joaten jarraitu zuten beroa gorabehera. Saria ere izan dute; klase horietako batzuen ostean pintxo eta edariak partekatu dituzte, klaseen udako osagarri.
[Arrecifesen ere ospatu da 2014ko San Sebastian Eguna (argazkiaEE)]
Are gehiago, euskara taldeen eta Lucio Echaniz Liburutegiaren eskutik ospatu da aurten Arrecifesen San Sebastian Eguna. Martxa errepasatu ondoren eta bideoetako irudiak eredu hartuta euren danborrada jo zuten euskal etxeko lagunek. Danborren hots eta haizto eta sardeska erraldoien artean etxeko afariaz gozatu zuten bildutakoek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus