Arrecifes, Argentina. Joan den larunbatean, otsailaren 19an, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak 100 urte bete zituen. Aurreikusita zuten ekitaldi instituzional soila bozkario-agerraldi bihurtu zen, hurbildu zen jende kopuruagatik eta sortu zen festa giro nabariagatik. Euskal etxe askotako ordezkariak, Sara Pagola Euskadiren Argentinako-Mercosur ordezkaria, FEVAko agintariak, egungo dantzari eta dantzari ohiak, euskal etxeko kideak eta Arrecifeseko komunitateko kide eta auzoak gogoz bertaratu ziren mendeurrena partekatzera.
Euskal etxe bertako Ugarritzak taldeko dantzari ohiek aurresku hunkigarria dantzatu zuten, Maral taldeak zuzenean jo eta abestuta, kalean gainera, kolore txuri-berde-gorriz argiztatutako baserria irudikatzen duen fatxadaren aurrean. Saioan eskerrak eman zitzaizkien euskal etxeko lehendakari ohiei eta elkartea sortu zutenen familiakoei, eta topa eginez, opil bat partekatu zuten bertaratutakoek.
Aurrerantzean jai bakoitzean, Potxolo eta Kuza
Amaiera, eta ezusteko jostakor eta gogoangarria, Etxeko bi erraldoien aurkezpena izan zen, omenaldia eginez Potxolo eta Kuzari. Potxolo Loyola, etxeko txistulari eta txistulari maisu izan zenari, eta Kuza Echaniz, EEaren ordezkari handia izan zenari. Hilabete askotako lana izan zen, eta baina hemendik aurrera jai bakoitzean, erraldoi moduan egongo dira presente Potxolo eta Kuza.
Ideia, euskal ohituretan oinarritua eta batzordean adostua, Cesar Solanés Aurtenecheak eta bertako bi artistek gauzatu zuten: Luis Budnik, buruen egile, eta Francisco Bosco, egituren egile. Prozesu osoan lagungarria izan zen oso Zizurkilgo alkate Iker Urruzola , eskuzabala bere esperientzia partekatuz eta bi herrietako erraldoiak senidetuz.
100 urteko ibilbidearen atzean, zalantzarik ez da lankidetza eta elkarlan handia dagoela. Honela azpimarratu du Mariana Dominé Irigoyenek: “Izan dezakegun izenik onena daukagu, «Euskaldunak Denak Bat», eta argi daukagu horrela behar duela: denok batera edo bat ere ez”. Urte askotarako, Arrecifes, Zorionak!