euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifesko Euskal Etxeak azken agurra luzatu dio bertako idazkari eta lagun Elsa 'Mimi' Moisello Zabaletari

2009/05/28

Arrecifesko San Inazioko azken jaian Mimí Moisello Zabaleta dantzari bertako 'Txiki Zaharrak' taldean (argazkia EuskaKultura.com)
Arrecifesko San Inazioko azken jaian Mimí Moisello Zabaleta dantzari bertako 'Txiki Zaharrak' taldean (argazkia EuskaKultura.com)

PUBLIZITATEA

Joan den igandean, maiatzaren 24an, hil da Arrecifes-en Elsa 'Mimí' Moisello Zabaleta, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko engaiamendu handiko kide eta azken urtean bertako idazkaria izan dena. "Mimik, txikitan, ez zuen Euskal Etxeko ekimenetan parte hartzeko aukerarik izan", azaldu diote bere lagunek EuskalKultura.com-i. Horregatik, "duela hamar bat urte Euskal Etxera hurbildu zen eta gogo handiz hasi zen lanean Zuzendaritza Batzordean. 'Txiki Zaharrak' izeneko helduen dantza taldean sartu zen, eta baita euskara klaseetan ere." Lagun ugari zeuzkan pertsona, Euskal Etxeko kideek azken agur hunkigarria eman diote herriko kanposantuan joan den astelehenean hain lagun maitagarria izandakoari.

Arrecifes, Argentina. Minbiziak jota hil da joan den igandean, maiatzaren 24an, 'Mimí' Moisello Zabaleta, Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxeko idazkaria. Mimi psikopedagogoa zen eta erretiratu arte irakasle aritu zen eskoletan. Irakaskuntzatik ekarritako eskarmentua lagun hasi zen 2000. urtean Euskal Etxeko Zuzendaritzan. Gogor lan egin zuen eta bere euskal engaiamenduan urrats berria emanez, 2008an Arrecifesko euskaldunek Euskal Etxeko idazkari bozkatu zuten.

mimiArrecifes01-ha

[Tristezia eta dolu handiz, Arrecifesko Euskal Etxeak azken agurra eman dio Elsa Noemí 'Mimi' Moisello Zabaleta lagunari]

"Mimirentzat, garrantzitsua izan da oso azken urteotan Euskal Etxeko partaide izateko aukera", esan digute Euskaldunak Denak Bat-eko bere lagunek. "Txikitan ezin izan zuen euskal ekintzetan parte hartu", azaldu dute, "alaba bakarra zenez, urteak pasatu behar izan baitzituen ama zaintzen eta, horregatik, duela hamar urte eskas arte ezin izan zuen Euskal Etxera hurbildu. 2008an, erakundeko idazkari bilakatzeaz gain, dantza egiten hasi zen, 'Txiki Zaharra' taldean, eta euskara ikasteari ekin zion."

Joan den igandean zendua, "Mimik hasitako bidea ez da moztuko", diote irmo Arrecifesko Euskal Etxetik bere lagunek. "Inspirazio izan da guretzat. Orain lau urte dituen bere biloba Maximo txiki-txikitandik zela hasia da lehenengo pausoak ematen euskal dantzetan, eta laster, bere arreba bizkiak ere, Maite eta Victoriak, amonak utzitako bideari atxikiko zaizkio".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia