euskal diaspora eta kultura
2012/02/14
PUBLIZITATEA
Arrefices, Argentina. Buenos Aires probintziako zaharrenetako bat da Arrecifeseko euskal etxea; zaharra bezain kementsua. Hori dela eta, Argentinako euskal komunitate osoak egingo du topa otsailaren azken larunbatean, bere 90. urtemuga ospakizunean. Batzuek, zuzenean egingo dute, hala nola, Pergamino, Chacabuco, Pilar, Gral. Rodriguez, Buenos Aires eta Suipachako euskal etxeetako lagunek. Beste batzuek, ordea, agurrak internet bidez igortzen.
Jaia arratsaldeko 7:30etan hasiko da karrozek osatutako desfile batekin. Karroza bakoitzean euskal kulturarekin lotura dituzten lanbide, kirol eta zaletasunak aurkeztuko dira, adibidez, sagar biltzaileak, esnezaleak, pilotariak, aizkolariak, gorulariak, harri-jasotzaileak, arrantzaleak, saregileak, abarketariak eta albokariak; bakoitza bere tresnekin agertuko da eta, euskara ikasle eta irakasleen eskutik, izenburuak eta azalpenak euskaraz. Euskal Herriko zazpi herrialdeak ere egongo dira irudikatuta kabalkadan eta kabalkadaren inguruan dantzari eta txistulariak ikusi ahal izango dira.
Hamalau kaleko ibilbidea bukatu eta gero, gonbidatu guztiak euskal etxeko egoitzan bilduko dira. Afaria gaueko 10etan hasiko da eta zeremonian zehar, omenaldi bat egingo zaie lehendakari ohiei. Euskal etxearen historiako momentu garrantzitsuenak biltzen den bideo bat proiektatuko da eta erakundeko dantza taldeek – txikiek, ertainekoek, Ugarritzak eta Txiki Zaharrak -- euren koreografiak eskainiko dizkiote bildutako jendeari.
Hasiera-hasieratik euskal etxetik hurbil izan diren Arrecifeseko Maral taldekoek ere omenduko dute Euskaldunak Denak Bat erakundea bere urtebetetzean, kontzertu batekin. Maral-en musika zuzenean eta Gusty disc-jockey-ek lagunduta parranda berandu arte luzatuko da.
Gogora dezagun meza ere egingo dela Euskaldunak Denak Bat ohorean. Elizkizunak sorreraren egunean bertan izango da, hau da, otsailaren 19an. Bide batez, euskal etxetik jakinarazi digute Euskadiko zein Argentinako euskal erakundeetako hainbat agintari bertaratuko direla Arrecifesera jaian parte hartu ahal izateko, tartean, Elvira Kortajarena Mercosur-erako ordezkariak, Euskal Gizataldeentzako zuzendari Julian Celayak eta FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterrak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus