euskal diaspora eta kultura
2014/07/16
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. Iragan dira hokezkero Brasilen jokatu zen Munduko Futbol Txapelketa, eta horrekin lotutako kezkak, urduritasuna eta nola ez, Alemania eta Argentinaren arteko partidaren nahigabeak. Baina nazioarteko ekitaldi honen arrastoak kirolaren mugak gainditzen ditu eta bere eragina gizarte arlo guztietara iristen da.
Izan ere, herrialde osoa prestatu da egun hauetan Brasilen aritu diren jokalariei harrera ekitaldietarako. Eta azken emaitza gorabehera, agurtu eta zoriondu nahi dituzte herritarrek kamiseta zuri-urdin argia lehiaketaren finalera eraman zuten futbolariak.
Arrecifesen kasuan, gaur egingo diote harrera bertako Pablo Zabaleta atzelariari. Hitzordua arratsaldeko 7:15etan da, Mitre Plazan. Bertan, ongietorria emateaz gain Hiritar Ospetsu izendatuko du Daniel Bolinaga alkateak selekzioko jokalaria. Zeremonia berean, ‘Pablo Zabaleta’ izena jarriko diote Udaleko Futbol Zelaiari.
Plazara iritsi aurretik, suhiltzaileen kamioan eramango dute Manchester City klubeko jokalaria Obras Sanitarias klubera bertan hasi baitzen Zabaletaren ibilbidea futbolean. Klubeko umeak agurtu ondoren, plazarako bideari ekingo dio berriro Cristo de la Hermandad, Brown Plaza eta Belgrano Etorbidetik pasatuz. Bukatzeko, Merlassino etorbidetik iritsiko da Udaletxera harrera jasotzera.
Euskal jatorrizko beste txapeldun bat
Luzea da Argentinako selekzioa osatu dutenen euskal jatorrizko jokalarien zerrenda. Ez dugu oso urrun joan behar, ‘Goico’ Sergio Goycochea, ‘el Vasco’ Julio Olarticoechea edota Jorge Luis ‘el Burru’ Burruchaga izenekin topatzeko. Aurtengo Txapelketan ere izan dira euskal argentinarrak eta haien artean Pablo Zabaleta dago.
Pablo Euskal Etxeko dantzaria izan zen txikitan Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-en. Eta, bertan gogoratzen dutenez, Pabloren aita, Jorge, erakundeko Zuzendaritza Batzordeko kide ere izandakoa da. Baina bere euskal sentimendua ez dirudi soilik aspaldiko kontu bat. Izan ere, oraintsu, martxoan, Allerru Lezoko klubaren 50. Urteurrenaren baitan egindako bideo batean “Zabaleta oso euskalduna da, Leitzakoa, Nafarroakoa” adierazi zuen harro, Pablo Zabaletak (ikus bideoa).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus