euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifes: Bonbardaketaren 86. urteurrenean Euskaldunak Denak Batek Picassoren Guernica-ren murala inauguratuko du

2023/04/24

Gernikako Bonbardaketaren 86. urteurreneko astean, Picassoren Guernicaren murala zabalduko du Arrecifeseko Euskal Etxea, Arbolaren kimuaren azpian
Gernikako Bonbardaketaren 86. urteurreneko astean, Picassoren Guernicaren murala zabalduko du Arrecifeseko Euskal Etxea, Arbolaren kimuaren azpian

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Gernikako Bonbardaketaren 86. urteurreneko omenaldien testuinguruan, Euskaldunak Denak Bat-ek (EDB) mural bat inauguratuko du apirilaren 28an Arrecifesen, XX. mendeko pinturaren erakusle nagusietakoa den Picassoren Guernica islatuz. Lana Hiriko Legislaturaren Interesekotzat jo dute eta ekitaldira udaleko agintariak, Turismo Gidarien Elkarteko ordezkariak, hiriko hezkuntza erakundeetako kide eta ikasleak ere bertaratuko dira, besteak beste.

Murala Marina Bosco arkitekto eta Euskal Etxeko bazkideak koordinatu du, eta Euskaldunak Denak Baten atzeko horman dago, Gernikako Arbolaren kimuaren itzalpean, Rivadavia kalean eta Mitre plazaren aurrean; beraz, ikusgaitasuna bermaturik eta etengabeko erakusketa publikoan. Margolanak jatorrizkoaren ezaugarri gehienak errespetatu ditu, hala nola lerroak, marrazkia eta neurriak, baina ez haren gris-eskala, honakoa bi kolorekoa baita.

Lan kolektiboa eta pedagogia

Irudikapen estetikoaz gain, lanak agerian dakar proposamen pedagogikoa, zenbait QR kode ere baitaratzen dituela hala nahi dutenek obraren testuingurura hurbilagotu eta ikusten ari direnaren balio eta esangura azaltzen duten lekukotzak eskuratu eta erreferentziazko tokiak kontsultatzeko aukera izan dezaten, tartean Gernika Gogoratuz elkartearen datu, azalpen eta baliabideetara, eskolei eta oro har publiko interesatuari obraz eta Gernikan gertatu zen sarraskiari buruzko ezagutza aberatsagoa lor dezaten.

Ororen buru, obra Euskal Etxean zazpi hilabetez egindako lan kolektibo handi baten emaitza da, bai arlo artistikoan bai instituzionalean. Proiektua gauzatzearren, Euskaldunak Denak Bateko kide askoren engaiamendua eta lanordu asko behar izan dira. Arrecifesko Euskal Etxeko lehendakari Teresa de Zavaletak honela aurkeztu dio Euskalkultura.eus-i ostiralean desestaliko den lana: “Picassoren Guernicaren errepresentazio hau Euskaldunak Danak Batek Arrecifesko komunitateari bakearen alde egindako oparia da”.

Asteazkenean, apirilaren 26an, Bonbardaketaren urteurrena; ostiralean, 28an, murala inauguratuko da; larunbatean 29an, EDBen Batzar Nagusia egingo, Omenaldia eta gaiari buruzko antzerki lan batekin

Murala ostiralean inauguratu ondoren, larunbat arratsaldean, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak bere Urteroko Ohiko Batzar Orokorra egingo du bere egoitzan eta, ondoren, Bonbardaketaren Urteurrenaren omenaldia egingo da. Euskal Etxearen antzerki tailerrak, Paula Cordobaren eskutik, bonbardaketaren inguruko eszena bat aurkeztuko du, sarrera libre eta doanik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia