euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifes: 500 ikusletik gora Euskal Etxeko Antzerki Taldearen "Gernika, nire lehen praka luzeak"en antzezpenean

2024/05/10

Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko aretoan "Gernika, nire lehen galtza luzeak" emanaldian lan egin zuten aktoreek agur egiten diete emanaldira joan ziren ikusleei
Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko aretoan "Gernika, nire lehen galtza luzeak" emanaldian lan egin zuten aktoreek agur egiten diete emanaldira joan ziren ikusleei

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Areto beteko bi emanaldirekin, 35 aktore oholtza gainean, hunkidura handia eta txalo zaparrada ederra lagun, "Guernica, mi primer pantalón largo" (Gernika, nire lehen praka luzeak) aurkeztu da Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko aretoan. Antzezlanak kontakizun autobiografiko bat du oinarri eta "Bat Etorri" antzerki taldeak eta Euskal Etxeko taldeetako kide ugarik antzeztu zuten, Paula Cordobaren zuzendaritzapean. Apirilaren 27an eta 28an, larunbat eta igandean, ikusi ahal izan zen ikuskizuna, Gernikako Bonbardaketaren 87. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

'Bat Etorri' antzerki taldea 2019an sortu zen Euskal Etxe barnean, Matías Acosta irakaslearen eskutik. 2023. urte hasieran Paula Córdoba hasi zen zuzendari, izan ere bera da 'Gernika, nire lehen praka luzeak'en egilea. “Antzerki tailerrean euskal gaiak jorratzeko erronka planteatu zidaten, eta onartu nuen, kultura horretaz gehiegi jakin gabe ere. Horrek asko ikertzera behartu ninduen, baina laguntza handia eman didate Teresa de Zavaleta lehendakariak eta Mariana Dominé lehendakariordeak gidoia idatzi ahal izateko”, diosku. Lanak Luis Iriondo gernikarraren kontakizuna hartzen du oinarri, Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenen kolektiboko aurpegirik ezagunena izan zena. Merkatua du gertaleku nagusi, baita Luisen etxea eta babeslekua ere.

 
'Gernika, nire lehen praka luzeak'  “txanoa pasata” eran eman zen, guztira 560 pertsona bertaratuz bi emanaldietara

'Bat Etorri' antzerki taldeko aktoreekin batera, Euskal Etxeko neska-mutil askok ere lan egiten dute obran, dantza taldeetako gazteak. Euskarak ezin zuen kanpoan geratu eta Gernikako doinuaz entzuten da. Eta kantua ere parte da, Euskal Etxeko abesbatza eta kantu tailerreko partaideen eskutik. “Lan handia dauka atzean, soinua, argiztapena, jantziak, eszenografia, eta uste dugu lanak lortzen duela konexioa eta Gernikako historia, Euskal Herriko historiaren zati hori, gerturatzea komunitateari. Irteeran hori izan zen ikusleen komentario nagusia, neurri handi batean ez baitzuten Gernikan gertatutakoaren hurbileko berririk”, azaldu dio Paula Córdobak EuskalKultura.eus-i. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia