euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrautzarik bai! Bertako bi lehiaketa irabazita, gogor ari da sartzen Pergaminoko Hernan Digilio literatura bilbotarrean

2020/09/07

Hernan Digilio pergaminotarrak 2020ko Bilboko Aste Nagusiko Zortzigarren Literatura Lehiaketa irabazi zuen
Hernan Digilio pergaminotarrak 2020ko Bilboko Aste Nagusiko Zortzigarren Literatura Lehiaketa irabazi zuen

PUBLIZITATEA

Pergamino, Argentina. “¡A que no hay huevos!” (ezetz arrautzarik!, sic), hauxe izan zen 2020ko Bilboko Aste Nagusiko Zortzigarren Literatura Lehiaketak, gaztelaniaz, mundu osoko partaideei parte hartzeko ipinitako gaia eta, bigarrenez azken urteotan, sariak itsasoa zeharkatu eta Buenos Aires probintziako Pergaminora, Hernan Digilio pergaminotarrarengana etorri da, honakoan ‘Premio Plaza Nueva Idazleak’ kategorian, Vida de perros (Txakurren bizitza) ipuinarekin.

Digiliok berak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Vida de perros-en kontatzen dudan historia Bilbon dago girotuta eta horregatik euskara ere agertzen da. Azpimundu bat sortu dut narrazioan eta bertan kartzelako hizkuntza ‘entzun’ daiteke. Nolabaiteko anbiguetatea ere badago eta irakurleari zaila egingo zaio asmatzea kartzela edo txakurtegia den”.

Sariak –Bilboko Baldosa eta Lehiaketaren ipuin irabazleek osatutako Antologia– abuztuaren 31an banatu zituzten antolatzaileek Bilboko Abando Hotelean. Idazleak bertaratzerik ez zuenez, eta Lagun Onak Euskal Etxeak hala eskaturik, Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk jaso zituen sariak argentinarraren izenean, Digiliok propio idatzitako hitz batzuk irakurriz.


[Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk jaso zuen saria Hernan Digilioren izenean]

Ez da hau argentinarrak Bilboko Aste Nagusiko Lehiaketan lortzen duen lehenengo saria (iazko Lehiaketaren informazioa, hemen). “Argentinar eta pergaminotar gisa ohore handia da niretzat errekonozimendu hau lortzea, lehiaketa nazioartekoa delako eta leku askotako partaidetza ugari dituelako. Gainera arlo pertsonalean ere pozik nago oso; hain urrutitik idaztea eta epaileen onarpena izatea… horrek esan nahi ongi bideratuta nagoela eta euskararekin ere ondo nabilela”, adierazi digu idazleak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia