euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrate Coscojuela: "Begoñako Andra Maria, Naguanaguako zaindaria da, Venezuelan, 1782ko maiatzaren 14a ezkeroztik"

2014/10/01

Arrate Cosocojuela caracastarra da Valencia-Caraboboko Eusko Etxeko lehendakaria pasa den maiatzetik.
Arrate Cosocojuela caracastarra da Valencia-Caraboboko Eusko Etxeko lehendakaria pasa den maiatzetik.

PUBLIZITATEA

Aita donostiarra eta ama Osintxuko bergararra, Naguanaguan harrapatu dugu Arrate Coscojuela Zanguitu euskal-venezuelarra. Caracastik pare bat ordu pasexera dagoen Naguanagua, Carabobo estatuan kokatzen da, eta urtero abuztuan ospatzen ditu herriko festak, ospatu ere Begoñako Andra Mariaren ohoretan, 1782tik hona bertako patroi zaindaria baita Ama Birjinaren euskal adbokazio hau.

Joseba Etxarri. Venezuelan 'tienda de conveniencia' deitzen duten merkataritza-galeria bateko nagusia da, beste bazkide batzuekin batera, Arrate Coscojuela. Berrogeita hamar urte gaindituak dituen emakume caracastar honek denbora topatzen du bere egueroko bizitzan, garrantzi gehien aitortzen dizkien bost gauzei dedikatzeko, hala nola ama, emazte, enpresari, euskaldun eta venezuelar izateari.

-Nola dabil bizimodua Venezuelan?

-Garesti. Azken hilabeteotan produktu batzuen prezioa sei-halakotu da. Produktu eskasia dago, baita erabilera arrunteko batzuena ere, zaila egiten baita dendetan topatzea, oso garesti saltzen dira edo, besterik gabe eta zuzenean, ezin dira lortu. Badaude enpresak hilabetetan daudenak geldirik, ez dago autorik saltzeko, ez dago aldagairik ... Produktu batzuk lortzeko goizaldean behar duzu joan dendara, iladan jarri eta hala ere ez daukazu lortzeko segurantziarik, eta berriz ere itzuli behar izan dezakezu. Segurtasunik eza ere arazo larria da oso.

-Gustatu izan zaizu bidaiatzea.

-Bai eta atseginez esan dezaket joan izan naizen leku guztietan euskalduna izatea lagungarri izan zaidala.  Bisitatu izan ditut euskal etxeak Argentinan, Uruguain, Txilen... baita Australian ere eta guztietan, heldu eta bost minuturen buruan onartua eta abegikor tratatua sentitu izan naiz.

-Umetan Caracaseko Eusko Etxearen baitan sortu zen Euskadi-Venezuela ikastola estreinatu zutenetako izan zinen.

-Hori sei urte nituela izan zen, beste zazpi umerekin batera. Hala abiatu zen Ikastola. Izan ere nire bizitza oso lago lotua Eusko Etxearekin. Gurasoek Eusko Etxean ezagutu zuten elkar eta gure bizitzan Eusko Etxearen presentzia erabatekoa izan da, beti bertan partaide.

-Gero Valenciara pasatu zinen, Carabobo estatura.

-Eta beraz Caraboboko Eusko Etxeko partaide bilakatu nintzen. Caracasen dantzari ibili ondoren oso erraz integratu nintzen hemen. Baita nire alabak ere. Oso gazte zirenetik jantzi izan dira poxpolinez. Euretako bat euskal etxeko argazkiak ateratzeaz arduratzen da gaur egun.

-Zerikusirik badu horretan zu zeu duela lau bat hilabetedanik euskal etxeko lehendakaria izateak?

-Lehendakari hautatu behar nindutela, joan den maiatzean Batzar Nagusira joan nintzenean gutxien pentsa nezakeena zen. Tituluak ez dira egiaz axola duena, bai konpromisoa, geure konpromisoa Eusko Etxea desager ez dadin.

-Zein da zuen egungo egoera?

-Erakargarri ditugun puntuen artean, zortea dugu, chef bat baitugu, Ander Unamuno, Euskadira gastronomia ikastera joan zena eta lan ederra egiten duena sukalde eskaintza onarekin. Pilotaleku estalia daukagu, eta igerilekua, eta festa sorta polita antolatzen dugu, Aberri Eguna, San Juan, San Fermin... Joan den uztailean hirurehun bat jende bildu zitzaigun antolatu genuen entzierrora, errespetu handiz, hori bai, ekarri genituen animaliei. Ekonomikoki, parean gabiltza: ezohiko gasturik sortzen ez den bitartean, eusten diogu, baina honela ez denean, kuota estrak eskatu beharrean topatzen gara. Hiru bazkide belaunaldi ditugu, baina euretako askok berrogei eta hirurogeita bost urte bitartean dauzkate eta gure erronka jende gazteagoa erakartzea da.

-Joan den abuztuan, Eusko Etxea dagoen herriak, Naguanaguak, Begoñako Andra Mariaren festak ospatu ditu.

-Herriko patroia da 1782tik eta horrek agerian uzten du euskal presentziak lur hauetan dauzkan erro sakonak. Herriak abuztu oro ospatzen du, festak 15aren inguruan eginez. 15ean bertan, Alkatetzak antolatuta, Begoñako Andra Mariaren elizan meza nagusia egiten da eta bertan partaide izaten gara euskaldunak ere, Eusko Etxe gisa, eskaintza batekin. Eta horrekin batera, pare bat astez abuztuan, herriak Begoñaren festak ospatzen ditu. Eusko Etxeak bat egiten du, asteburuan hautetsi eta agintariak gure etxera, egiten dugun jaira gonbidatzen. Zenbait ekitaldi eratu ohi dugu, pilota partidak, bazkaria, musika eta jokoak eta aurten Caracaseko Eusko Etxetik autobusak antolatu dituzte gure festarekin bat egin ahal izateko.

-Ospakizunak aipatuz, aipa dezagun Caraboboko Eusko Etxeak 40 urte beteko dituela 2015ean. Modu bereziren batean ospatu behar al duzue?

-Gustatuko litzaiguke talderen bat ekartzea Euskaditik. Orain zortzi urte Ortzadar taldea etorri zen Iruñetik eta zinez arrakastatsua bilakatu zen bira egin zuten. Gisa horretako zerbait gustatuko litzaiguke. Euskadiko talderen batek interesa izango balu, edo Diasporako talderen batek nahi izango balu, prest gaude iradokizunak eta proposamenak entzuteko. Gure emaila valenciakoeuskoetxea@gmail com da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia