euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrasateko AED elkarteak Ukan Saria jaso zuen atzo Gasteizen Euskararen Nazioarteko Egunean

2008/12/04

AEDko ordezkaria atzo Ukan saria eskuetan duela (arg. euskalkultura.com)
AEDko ordezkaria atzo Ukan saria eskuetan duela (arg. euskalkultura.com)

PUBLIZITATEA

Jai eguna behar zuen atzokoak, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzea tokatzen baitzen, baina eguerdiz Azpeitian gertatu zen Inazio Uria industriariaren hilketak gauzak aldatu egin zituen. Jazki eta soineko beltz ugari bildu zituen ekitaldi batean eta bertatik luntxa eta musika ia erabat kendurik --eta beraz bertan behera utziz Argentinatik propio etorritako Maral talde euskal-argentinarraren partaidetza ia osoa--, Arrasateko AED (Arrasate Euskaldun Dezagun) elkarteak jaso zuen 2008ko Ukan sari nagusia, diplomak Eroski, Microsoft eta Ikea enpresentzat izan zirelarik.

Vitoria-Gasteiz. Arrasate-Mondragoeko AED (Arrasate Euskaldun Dezagun) elkarte euskaltzaleak jaso zuen atzo Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzan, 2008 Ukan saria, gisa honetan errekonozimendua emanez duela 25 urte hasi eta herri ekimenez Gipuzkoako Arrasatealdean garatzen joan den ahaleginari, bide luzea egin baitute urteotan Mondragoen, euskarari eutsi eta bere presentzia bizitzaren arlo guztietan normaltasunez bermatzeko, horretarako hainbat ekimen eta dinamika oso bat abiaraziz, tartean herriko eta eskualdeko prentsa idatzia, irratia eta telebista.

Euskararen normaltasunaren alde eginiko euren ekarpenengatik ere diploma jaso zuten Eroski taldeak, Consumer aldizkaria euskaraz ere ematen baitu argitara; Microsoft, Windows Vista-ren euskarazko bertsioa ere plazaratu baitu; eta Ikea enpresa, bere katalogo orokorra euskaratu eta bezeroengana gure hizkuntzaz ere iristeko egin duen ahaleginagatik.

Dolua hilketarengatik eta Maralen emanaldia bertan behera

Ukan sariaren --birus honen estatuatxoa-- emate-ekitaldiak Ibarretxe lehendakariaren eskutik etorri behar bazuen ere, atzo eguerdiz gertatutako hilketak gauzak bestelakotu egin zituen. Azpeitian Iñaxio Uria enpresaria tirokatu eta hil izanak, ustez ETAk eginiko ekintza batean, atzokoak urtero izan ohi duen poz giroa kentzea ekarri zuen. Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura sailburuaren hitzak, atzo partikularzki euskaldun eta euskarazko kultura eragile gisa esanik, zinez gogorrak izan ziren hilketa burutu zutenen kontra, aldenduz eta bereiziz euskara eta mugimendu euskaltzalea eta honelako ekintzak.

Bertan behera geratu zen baita ere emate-ekitaldiaren ondotik etorri ohi den luntxa, baita ekitaldi osoko musika ere. Oskar Alegriaren filme bat erakutsi zen, emate-ekitaldia egin zen, baina musika aldetik aurreikusitako 'Pixka bat es mucho' taldearen emanaldia bertan behera geratu zen eta baita ere, ekitaldirako propio Argentinatik etorriak baziren ere, Maral Arrecifes-eko talde euskal-argentinarrarena. Hasiera-hasieran kantatu zuten Agur Jaunak bat izan zen eskaini zuten doinu bakarra, bere laburrean, egoerak horretara beharturik.

Lotura interesgarriak

Arrasate Euskaldun Dezagun (AED)
www.aedelkartea.com

Arrasateko euskalgintza
www.arrasatekoeuskalgintza.org

Consumer-Eroski aldizkariaren euskarazko bertsioa
http://revista.consumer.es/web/eu

Windows XP euskaraz
http://www.microsoft.com/spain/windowsxp/euskera.mspx

Ikearen katalogoa jaisteko: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez edo ingelesez
http://interiores.com/descargar-catalogo-de-ikea-2009-castellano-catalan-euskera-e-ingles

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia