Viedma eta Carmen de Patagones hirien eskualde argentinarreko ospakizun nagusietako bat da “Burujabetza Jaia”, bere esanahiagatik baina batez ere bi komunitateetako erakunde anitz biltzen dituelako jaia elkarrekin ospatzeko. Euskal gizataldeak urtero hartzen du parte festaren programan Beti Aurrera Aberri Etxea euskal etxearen eskutik.
Carmen de Patagones, Argentina. Martxoaren 3tik 8ra egin da aurten “Burujabetza Jaia” eta azken urteetako ohiturari jarraituz izen handiko artistak bildu ditu, tartean Soledad Pastorutti eta Abel Pintos. Jaiak, ordea, Patagoniaren historian gertaera mugarri izan zen Brasilen kontrako bataila gogora ekartzea du helburu eta kari horretara, Beti Aurrera Aberri Etxea euskal etxeko euskara irakasle den Rocio Basterrak hitz hauek idatzi zituen efemerideari buruz:
“Viedma-Patagones hirien eskualdea Patagoniako lehenengo kokalekua izan zen, eta horren ondorioz, gobernuaren egoitza. 1827. urteko martxoaren 7an brasildarren eraso bat jaso zuten patagoniarrek –Brasilek Patagonia bereganatu nahi zuen eta– eta eskualdeko jendeak biziki defenditu zuen bere lurra. Rio Negro ibaiaren ezaugarriek eta eguraldiak asko lagundu zieten bertakoei gailendu ahal izateko; izan ere, Brasilgo soldaduek ezin izan zituzten jasan ez tenperaturak ezta ibaiaren ur lasterrak ere.
Hori dela eta urtero ospatzen dugu Patagoniaren Burujabetza Jaia, eta zinez ederra da bi herrietako, Viedma eta Patagoneseko, hainbat elkarte eta erakundek –tartean kolektibitateek– parte hartzen dutelako. Euskaldunon kasuan, ume, gazte eta helduok bildu ginen aurten Euskal Herriko arrantzale, gudari, irule eta baserritarrez jantzita geure herriaren izaera erakusteko”.
Egoitzaren inaugurazioa
Berri honekin batera Viedma eta Carmen de Patagones hirietako euskal gizataldeak biltzen dituen Beti Aurrera Aberri Etxea Euskal Etxetik jakinarazi digute asteburu osoko programa ari direla antolatzen euren egoitza inauguratzeko. Jarduerak martxoaren 27an, arratsaldeko 6:30etan, hasiko dira Sara Pagola Euskadiko Ordezkariaren hitzaldi batekin eta 28an, goizeko 10:30etan, jarraituko dute, protokolozko ekintzekin.