euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz ospatu dute Mar del Platan 'Harri Koskorra', ikastolen aldeko bertako haur eta helduen festa

2009/10/19

'Harri koskorra' festan parte hartu zuten txikien taldekoak eta laguntzaileak, ekitaldian egin eta margotu zituzten lanak erakusten
'Harri koskorra' festan parte hartu zuten txikien taldekoak eta laguntzaileak, ekitaldian egin eta margotu zituzten lanak erakusten

PUBLIZITATEA

Haur ikasle, ikasleen guraso, irakasle eta, oro har, euskararen lagun talde oso bat izan da Argentinako Mar del Platan 'Harri koskorra' izeneko ikastolen aldeko festa berriko partaide eta bultzatzaile joan den irailaren 26an. Urtean zehar Denak Bat Euskal Etxean euskara eta euskal kulturaz bustitako dantza, asti eta festa programa irudimentsuko parte direnek egun berezi batez gozatu ahal izan zuten antzerkia, joku eta jolasak, power point-ak, euskal kantuak, musika, bestelako sorpresak eta askaria ere osagai izan zituen arratsaldepasa batean, guztia auzolan gisa eratu eta gauzatua, Euskal Etxeko 'Artaburu' talde euskaltzalea antolatzaile.

Mar del Plata, Argentina. Ez da hau batere Mar del Platan ikastolen alde antolatzen den lehenengo jaia, aurretik ere urtero antolatu izan baitira Euskal Herriko lurralde bakoitzeko ikastolen jaiekin bateginik jai paraleloak, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez izenekin. Oraingoan, ordea, oro har Ikastolaren aldeko jaia izan da, bertatik, Diasporatik, 'harri koskor' bat, hondar ale bat, bidali nahirik Euskal Herrira, Mar del Platako haur eta gaztetxoen indarraz.

2009 Harri Koskorra 01

[Ertaineko taldeko kide batzuk sustatzaile eta lguntzaileekin, egindako artelanaren ondoan]

"Gure haurrek auzolanaren indarra senti dezaten nahi dugu, euskara eta euskal kulturaren bidez Euskal Herriko parte senti daitezen". "Eurek hemendik ekar dezaketen harri koskor hori, hondar ale hori, zinez garrantzitsua dela sines dezaten nahi dugu, eta festa hau medio gauzatu dugu hori, aurrerantzean festa hau urtero egitea baita geure asmoa", adierazi diote EuskalKultura.com-i.

2009 harri koskorra 02

[Jokoen artean, sokatira klasikoa]

2009 harri koskorra 03

[Jolasak, jokoak, kantuak eta gainerakoek partaidetza giro polita sortu zuten]

Antzerkia Euskal Herria eta Mar del Plata lotuz

'Harri koskorra'ren lehenengo edizio honetako egitaraua larunbatean arratsaldeko ordubi t'erdietan hasi zen. "Ospakizunaren gaian sartzeko, Mar del Platako Euskal Etxeko txikiek, euren dantza zuzendarien eta euskara tailerreko irakasleen laguntzaz, antzerki moduko bat prestatu zuten Herensuge pertsonaia mitologikoari buruz [izan ere herensuge bat izan baitzen festako logoa], euskal kulturako zenbait gai bertako Euskal Etxearekin lotuz".

2009 harri koskorra 04

[Eta ta-txaaaan: Lautaro magoak ere lan bikaina egin zuen]

Izan ere, Beti Alai dantza taldeko txiki eta ertainek elkarrekin lan egin zuten erakusketa bat prestatuz. Ertain bakoitzak lan bat aurkeztu zuen banaka, 'Zer esan nahi du euskal kulturak zuretzat' gaitzat harturik. Lan hau librea izan zen eta sinboloak erabiliz azaldu zuten, Azoka gisa egituratuta: honela aurkeztu ziren, besteak beste, euskal mitologia eta magia, pilota eta bere modalitateak, ikastolei buruz prestatutako power-point bat, eta beste batzuk."

2009 harri koskorra 05

[Haur, gaztetxo, irakasle, guraso eta guztiek arratsalde ederra pasatu zuten, jolasean euskara eta euskal kulturaren inguruan]

Euskal giroko jolas eta jokoak

Afixa bat ere ipini zen, ekitaldiko partaide ziren helduek ere 'Zer esan nahi du zuretzat euskal kulturak' galderari erantzun ziezaioten, horri buruzko euren gogoeta eta sentipenak azalduz.

Geroago taldeak eratu ziren, adinaren arabera, eta herri kirolak antolatu (sokatira, txingak...) eta kantuak kantatu (Gora-behera, Pintto-Pintto...), beste zenbat ekimen didaktikorekin batera, "bukatuz txiki eta ertainek elkarrekin egin zuten aktibitate plastiko batekin, esan nahi baita festako logo erraldoi bat koloreztatuz".

Elkarrekin partekatutako askari batekin amaitzeko

Arratsaldeko seiak aldera, Mar del Platako lehenengo ikastolen festak askari parteari eman zion bidea, Euskal Etxeak eskainita.  Partaide bakoitzak joko didaktiko bat jaso zuen, bereziki aukera honetarako euskal kulturari buruzko jakingarriez hornituta, eta festako logoaren marrazki batekin, hala nahi izanez gero etxean margotzeko.

Festa eta arratsaldepasa osoa auzolan izpirituz ideiatu bazen ere --haur, gaztetxo eta helduetako bakoitza partaide eta protagonista-- azpimarratzekoa da irakasleek garatutako lana. Maite Ariznabarreta, Nerea Balzola Aguilera eta Milagros Pandolfo behar dira aipatu hor, Graxi Bakker, Adriana Hernandorena eta Monica Usubiaga lankide. Euren ahaleginak, Denak Bateko eta bertako gizataldeko gainerako kideenekin batera arrakastatsu bilakatu zuten lehenengo 'Harri koskorra' hau. Bigarren edizioa hurbilago dago orain. Zorionak!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia