euskal diaspora eta kultura
2011/06/07
PUBLIZITATEA
Asuncion, Paraguai. "Arrakasta oso"tzat jo du Galo Eguez Asunciongo Euskal Etxeko lehendakariak Paraguaiko aurreneko Euskal Aste hau. EuskalKultura.com-i adierazi dionez, helburuak erabat bete dituzte eta ekimena erabat baliagarria izan zaie hedabideengana eta publiko zabalarengana heltzeko, baita Euskal Herriaz eta Paraguaik bere historian bildu duen euskal partaidetza eta eraginaz ez dakitenengana iristeko ere.
"Jende aldetik kopuru politean gerturatu zaigu ekitaldietara eta hedabideak ere zintzo portatu zaizkigu, telebista kateak, irratiak eta prentsa idatziko medioak ere Euskal Astearen berriemaile izan baititugu, Euskal Etxetik garatzen ditugun ekimenak eta euskal kultur errealitatea islatuz, segitu baitituzte eman ditugun hitzaldiak eta aurkezpenak, izan ere zabalkunde asmo horrekin antolatuak", esan digu birraitona nafarra zeukan Eguezek.
Astea abiatzeko lehen ekitaldia Miguel Angel Elkoroberezibar-en "Domingo de Irala y su entorno en la Villa de Bergara" liburuaren aurkezpena izan zen, asteazkenean. Edizio berritu eta handituan eta Asunciongo Euskal Etxea laguntzaile argitara emandako liburu honen aurkezpenaren ondotik, Xabier Zabaltzak programako bigarren hitzaldiari ekin zion, euskararen iragana, oraina eta geroa gai harturik. "Hau bezalako gaiak interesa pizten dute Paraguain, kontutan hartu behar baita hemen guarani hizkuntza daukagula, herritarretako askok mintzatzen dutena, euskara bezala Euskal Herrian", azaltzen du Eguezek.
Ostiralean, berriz, gastronomiaren txanda heldu zen, Buenos Airestik propio ekarritako Javier Araujo sukaldaria medio. Ehunda laurogei bat partaide bildu ziren euskal kutixi eta produktuez osatutako afarira. Larunbatean, azkenik, euskal gizataldeak omenaldia egin zien Aberriaren aldeko Heroiei, Paraguairen Bigarren Mendeurreneko urte honetan, heroi horien artean ere euskal deituradunak ugari izan direlarik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus