euskal diaspora eta kultura
2012/06/20
PUBLIZITATEA
Posadas, Argentina. Urteroko hitzordua da Posadaseko lagunentzat bertako euskal etxeak burutzen duen euskal zine zikloa. 2012ko zikloa ekainaren 11an hasia da eta erantzun paregabea lortu du orain arte: lehenengo bi emanaldietan ehundik gora lagun bildu ziren hiriko liburutegira ‘Euskal Herrian barna’ eta ‘Tasio’ filmak ikustera. Datozen emanaldiak heldu diren bi asteetan egingo dira, ekainaren 25ean ‘Piztiaren eguna’ eta uztailaren 2an ‘Berri ona’. Sarrera libre eta doakoa, eta lekua, Posadaseko Biblioteca Popular delakoa.
Zikloan parte hartzeko gonbitearekin batera, beste berri bat heldu zaigu Mesopotamia argentinarreko hiri honetatik. Ekainaren 10ean etxeko lagunentzako bazkari bat egin zuten Euskal Jatorrikoek. “Eguraldia lagun izan ez arren, jende multzo polita bildu zen. Elkarretaratzea Pirá Pytá klubeko instalazioetan egin genuen eta oraingoan Gabriel Alzarriak izan zuen janaria prestatzeko ardura, paella eder bat, hain zuzen”. Bazkalondoa alaitzeko, Maria Dolores Alcoz Arregui kideak Euskal Herriko kantutegiko zenbait kantu --beste batzuen artean ‘Gaztea nintzen’, ‘Agur-agur’ eta Itsasontzi baten’-- abestu zituen gonbidatu guztiek lagunduta.
Areto-futbola, erakusketa eta euskara
Datorren hilabeteari begira, Posadaseko euskal etxeko arduradunek adierazi dute uztailaren hasierarekin batera, hilabete lehenean hain zuzen, paella salmenta egingo dutela. “Futsal taldearentzako dirua biltzea da asmoa. Taldea euskal etxearen ordezkaria da areto futboleko txapelketetan eta gure babesa dute. Gazteak euskal etxera hurbiltzea da ekintza honen helburu nagusia”, azaldu du Carmen Sarasolak.
Uztailean ere, ‘Soinu tresnak Euskal Herrian’ eta ‘Euskal Baserriak’ argazki erakusketak ikusgai egongo dira Misiones probintziako gobernu etxean. Erakustaldia uztailaren 3tik 16ra luzatuko da.
Bitartean, eta euskal etxeak berak antolaturik, ostegunero zazpi lagun biltzen dira euskara ikastera. “Ez dugu berez irakaslerik, beraz, elkartu gure kabuz ikasten dugu. Liburuak baditugu eta Leitzakoa den etxeko kide batek ere hartzen du parte, asko laguntzen digu ahoskerarekin. Egoitzarik ez eta baliabide mugatuak ditugu, baina oro har esan daiteke dugunarekin ahal dugun guztia egiten dugula”, adierazi du Euskal Jatorriko lehendakariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus