euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Klikaren omenaldia barne, arrakastaz garatu da 2008ko NABO Biltzar eta Jaialdia: argazki bilduma

2008/09/02

NABOko Biltzarrak Mary Gaztambide --zutik-- berretsi zuen erakundeko lehendakari eta Nancy Trevinok ere --jarririk-- idazkari lanetan segituko du (arg. EuskalKultura.com)
NABOko Biltzarrak Mary Gaztambide --zutik-- berretsi zuen erakundeko lehendakari eta Nancy Trevinok ere --jarririk-- idazkari lanetan segituko du (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Polito joan da joan den asteburu luzean Chino hiri kaliforniarrean NABO Biltzar eta Jaialdiaren 2008ko edizioa. Bertako euskal etxearen lanek fruitu egokiak eman dituzte eta giro ezinhobean joan dira AEBetako klikei eginiko omenaldia, NABO Biltzarra bera, musika eta dantza emanaldiak eta programak bildu dituen gainerako ekimen ugariak. NABOri dagokionez, Estatu Batuetako euskal etxeek lehendakari berretsi dute Utah-ko Mary Gaztambide eta, lehen aldikoz, Kanadako euskal etxe bat onartu da NABOn --Vancouver-eko Zazpiak Bat--, gisa honetan 'North American' izenak zentzu osoagoa hartu duelarik.

Chino, Estatu Batuak. Ipar Ameriketako euskaldunek omenaldi berezia eskaini diote iragan asteburuan Klikari, esan nahi baita hondarreko berrogei urte eta gehiagotan Kalifornian izan diren hiru euskal klikak --San Francisco, Bakersfield eta Chinokoa-- sortu, segitu eta biziarazi dituztenei. Klika, jakina denez, Iparraldean eta Frantzian zabaldua den musika banda ibiltaria da, fanfarre modukoa, gehienbat metalezko instrumentuek osatua. Kliken omenaldia Kaliforniako Chinon ostiral, larunbat eta igandez egin den Euskal Jaialdi eta NABO Biltzarraren baitan gauzatu da eta bertaratu diren klika horietako kideek --egungoek eta ohiek-- diploma jaso dute, NABO eta euskal komunitatearen esker ona bilduz, euskal kultura eta usadioen alde egindako lanarengatik.

nabo 2008 chino-01

[Chinon partaide izan zen aita Martxel Tillousek txaloak eta eskerrak bildu zituen bertan egoteagatik. Klikaren ekitaldiaren aurretik, John Ysursa aurkezleak oholtza gainera deitu zuen, Chinoko Euskal Etxearen izenean bere lankidetza eskertzeko (argazki erreportaia EuskalKultura.com)]

nabo 2008 chino-02 klika

[Estatu Batuetako hiru kliketako egungo eta lehengo kideak oholtza gainean, elkarrekin jotzen]

nabo 2008 chino-03 klika

[Dantzaldi polita sortu zen klikek elkarrekin jotako piezekin]

nabo 2008 chino-04 klika

[Klikako kideek talde argazkia ateratzen, euren lagun eta fan-en flashpean]

Chinoko euskal piknik eta jaialdiaren baitan egin da Omenaldia; aurten haren 40. edizioa betetzen zela-eta, Chinoko Euskal Etxeak NABOren 2008ko Biltzar Nagusia ere antolatzea erabaki zuen eta hala egin da, joan den larunbatean, herriko Fairgrounds edo ospakizunen eremuan. Estatu Batu guztietatik etorritako ordezkariek, besteak beste, Utah-ko Mary Gaztambide lehendakari posturako berretsi dute. Gaztambidek adierazi du azkeneko urtea izango duela, eta datorren urtean, postu horretan jadanik bost urte beteta, ez dela berriro aurkeztuko, hautagai berriei lekua utziz. Bildutakoek, bestalde, Kanadako euskal etxe bat onartu dute, lehenengo aldizkoz, NABOko partaide izateko. Aho batez erabaki zuten euren baitan Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxea onartzea, gisa honetan erakundearen izenari --North American Basque Organizations edo Ipar Ameriketako Euskal Erakundeak-- zentzu osoagoa emanez.

nabo 2008 chino-05 barcelona

[NABOko Biltzarren hastapenean eta ondoren bestelako programaren hastapenean, Chinoko Euskal Etxeko lehendakari John Barcelonak aurkezpen hitzak egin zituen, euskaraz zein ingelesez, bildutakoei ongi etorria emanez]

nabo 2008 chino-06 biltzarra

[NABO Biltzarreko une bat, Tony Sabarots Etulain Seattle-ko Euskal Etxeko ordezkaria hizlari]

nabo 2008 chino-07 elena sommer

[NABO Biltzarrak erabakitako gauzetako bat, Vancouver-ko (Kanada) Euskal Etxeak federazioan sartzeko eginiko eskabidea onartzea izan da, Anita Anacabe Franzoiak eskainitako aldeko txostenaren ondotik. Argazkian, Elena San Emeterio Sommer, Vancouver-ko Zazpiak Bat Euskal Etxeko lehendakaria]

Hori larunbatean. Asteburuko lehenengo urratsak, ordea, ostiralean egin ziren, Chinoko Aphessetche trinketean, Frantzia eta Mexiko arteko pilota partidekin, eta segidan Chinoko Euskal Etxearen egoitzan, 'Aupa Etxebeste' filma eman delarik, euskaraz, ingelesezko azpitituluekin. Larunbat goizez NABOren bilkura egin ondoren, arratsaldez pilota finalak jokatu ziren, pilotariak Ipar Euskal Herrikoak (Frantziako txapeldunak) eta Mexikokoak izanik. Medina eta Waltary-k, Idiart eta 'Loquillo'ren kontra irabazi zuten, 40-31. Jendea astonatu zuena eta txapeldun irten zena, Iparraldetik bidaiatutako Waltary Agustí kubatarra izan zen. Loriatu ziren harekin Chinoko Aphessetche trinketera hurbildutakoak.

 nabo 2008 chino-08 trinketea

[Pilota partidak Aphessetche trinketean larunbat arratsaldez]

Klikaren omenaldia, berriz, larunbat iluntzean gauzatu zen, Fairgrounds-etan. Testuingurua ezartzearren, Bakersfield-eko Pierre Ygoak ikusentzuteko bat prestatu zuen, Kaliforniako hiru kliken historia argazki eta irudi zahar eta berrien bidez kontatuz. Diplomak ematen, NABOko lehendakaria, Mary Gaztambide Utah-koa, eta San Francisco, Bakersfield eta Chinoko Euskal Etxeen izenean Pierro Etcharren, F. Iturriria eta John Barcelona. Esku zarta ederrak bildu zituzten kliketako kideek. Afaria bitartean, Noka taldeko Andrea Bidart, Begoña Echeverria eta Maite Maizterrena aritu ziren kantari.

 nabo 2008 chino-09 noka

[Noka taldekoak: eskuinetik ezkerrera, Begoña Echeverria, Andrea Bidart-Oteiza; Maite Maizterrena laguntzaile]

Igandean, aita Martxel Tillous xiberotarrak eman mezak hasi zuen eguna. Meza edertzen, hiru klikak, dantzariak, korala, Johnny Kurutxet eta Martin Goikoetxea bertsolariak, Chinoko txistulari banda gaztea eta Besta Berriko kabalkada eta partaideak. Meza ondotik, haur eta dantza gazteen emanaldia, bazkari herrikoia, eta dantza emanaldia, Los Banos, San Francisco, Bakersfield, Salt Lake City eta Chinoko talde helduen eskutik. Afaria eta gero, bala edo dantzaldiaren txanda heldu zen, Euskal Herriko musikariekin. Astelehenean --Labor Day, jai eguna Estatu Batuetan--, 'Centro Basco' jatetxean, hamaiketakoa, musika eta pilota partidak egin dira. Asteburu ederra, Chinoko Euskal Etxea antolatzaile.

nabo 2008 chino-10 meza

[Igandean, meza euskaraz aita Martxel Tillousek emanik, Besta Berriko partaideak (argazkian), bertsolariak, dantzari haur eta helduak, txistulariak, korala eta klikak edertzaile]

nabo 2008 chino-11 klika mezan

[Besteak beste, AEBetako hiru klikek ere parte hartu zuten mezetan]

nabo 2008 chino-12 meza txistulariak

['Chinoko Txistulariak' txistulari gazteen taldeko mutikoak aita Martxelekin mezaren baitan jotzen]

nabo 2008 chino-13 meza banderariak

[Konsakrazio momentuan, Besta Berriko banderariak --Steven Gamboa eta Michel Plaa-- ikurrinez ohoratzen]

nabo 2008 chino-14 meza

[Ikuspegi orokorra. Lehenengo lerroan aldarearen aurrean, klikakoen ondoan, agintariak: Mary Gaztambide NABOko lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak: Josu Legarreta, Aitor Sotes eta Joseba Arregi]

nabo 2008 chino-15 dantzari tipiak

[Chino bertako 'Euskaldun Izarrak' gaztetxo ertainen taldea, meza ostean dantzari]

 nabo 2008 chino-16 gauden bat

[Chinoko 'Gauden Bat' helduen taldeko kideak igande arratsaldeko emanaldian. Ondoren etorri ziren Los Banos, Bakersfield, Utah-ko Triskalariak eta San Franciscoko Zazpiak Bat-eko dantzariak]

nabo 2008 chino-17 ahizpak

 [Besteak beste, Nancy Zubiri idazleak, Etcheverry Imports-ek, Euskal Herriko ardoek, Basque Market-ek eta beste zenbaitek euren mozkinak salgai zeuzkaten Chinoko jaialdian. Argazkian, Boiseko Ahizpak konpainiaren pitxi eta diseinuak, euren stand-ean. Euskal diseinuak 'Made in USA']

Lotura interesgarriak

Chinoko Euskal Etxea
www.chinobasqueclub.us

Biltzarreko egitaraua Chinoko Euskal Etxearen webgunean
www.chinobasqueclub.us/Pages/picnic.htm

NABOren webgunea
www.nabasque.org

San Frantziskoko Klika (pdf)
Klika horren 40. urteurrenean (1964-2004)

Aupa Etxebeste filma
www.aupaetxebeste.com

Noka taldea
www.chinoka.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia