euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz eta ehun pertsona bildurik egin zen joan den larunbatean urteroko Euskal-Venezuelar Elkarretaratzea

2017/04/25

Errekonozimendua Joxean Elgezabali, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranbururen eskutik (argazkia Juan Rekarte-EuskalKultura.com)
Errekonozimendua Joxean Elgezabali, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranbururen eskutik (argazkia Juan Rekarte-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ehun bat pertsona bildu ziren joan den larunbatean Galdakaon, aurten hogeita bigarrenez egiten den Euskal-Venezuelar Elkarretaratzean. Urtero egiten den elkarretaratze hau, Amaya Zenarutzabeitia buru duen Simon Bolivar elkarte euskal-venezuelarrak antolatzen du eta jatorri hori duten edo nolabait komunitate euskal-venezuelarrarekin harremana daukaten lagunen urteroko bilgarri da. Aurtengo saria Joxean Elgezabal Garciari eman zitzaion, bere 89 urtetan (ikus argazki sorta)

Galdakao, Bizkaia. Urtero venezuelarrentzat aberri-egun handia den apirilaren 19aren ondoko asteburu batean egiten da Euskal Herrian elkarretaratze hau. Hasiera batean ospatzeko lekua aldatzen zen, euskal lurralde batetik bestera, baina urte andana da beti Galdakaon egiten dela eta oraingoan ere honela izan da.

Hala nahi zutenentzat lehendabiziko, hildakoen aldeko meza eginik herriko Andra Mari parrokian, ondorengo bazkaria bertako Gambrinus jatetxean izan zen eta adin guztietako ehun bat pertsonak hartu zuen parte, "94 helduk eta 7 umek", zehazten digu Amaya Zenarutzabeitia antolatzaileak.

Elkarretaratzearen asmoa, komunitatea izateari eustea eta Venezuelan euskal etxeekin harremanetan jaio, hazi edo bizi izan diren jendeek elkarren arteko loturak ez galtzea eta harremanak izaten segitzea da, gaur egun Venezuelako euskal etxeen mundua bere onenak emanda bizi bada ere, asko baitira oraindik, Euskal Herrira itzulita, eta hemen laketuta ere, euskal-venezuelartasunaren marka eta identitatea ezaugarri daukatenak, eta euren seme-alaba eta ondorengoei trasmititu nahi dietenak.

Larunbateko bilkuran, 18 hilabeteko Mikel Tafuri Lopez izan zen partaide gazteena, eta 89 urteko Joxean Elgezabal Garcia zaharrena, bizpahiru belaunaldi tarteko. Joxean Elgezabali eman eta egin zitzaion, hain zuzen, urtero komunitateko bati ematen zaizkion opari eta aipamena. Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berri Gorka Alvarez Aranburu arduratu zen horretaz. Iñaki Anasagasti ere partaideen artean egon zen.

Gustura oso atera ziren bildutakoak, aspaldi ikusi gabeko lagunak berriro ere ikusita, eta elkarrekin mahai baten eta kantu batzuen inguruan bilduta.

Pare bat partaidek, gure artikulu honetan Amaya Zenarutzabeitiari esker biziak ematea eskatu ziguten, eta hala egiten dugu.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia