euskal diaspora eta kultura
2013/01/24
PUBLIZITATEA
General Rodriguez, Argentina. Kultur proposamena ostiralez, urtarrilaren 12an, gauzatu zen, arratsaldeko zazpietatik aurrera Eusko Aterpearen egoitzan eta, orotara, bi ordu pasatxo iraun zituen, tartean publikoak eginiko galderei erantzuteko parada, bertaratutakoek gustura baliatu zutena eta Ezkerrok ere "gustu handiz jaso eta atseginez erabili" zuena, aitortu dio EuskalKultura.com-i euskal etxearen izenean Juan Agustin Itcea elkarte antolatzaileko lehendakariak, gogora ekarriz honakoa Mikel Ezkerrok Eusko Aterpea-ra egiten duen laugarren bisita izan dela, hizlariak Argentina osoko euskal etxeetan barrena daraman hitzaldi-sortaren baitan. "Oso solasaldi polita eskaini zigun, datu eta zehaztasun askorekin eta, aurrekoetan bezala, publikoak interes handiz segitu zituen bere azalpenak", adierazi du Itceak.
Euskal eta argentinar historiaren hedatzaile gogotsua den Ezkerrok Euskal Herria, bere erroak, ezaugarri eta identitatea errepasatu zituen hitzaldian, Europan hasi, eta emigratu zuten euskaldunen bidez, ameriketaratu, Argentinan zehar sakabanatu eta bertan erein zen euskal gogo eta kontzientzia barne. Egin zuen ibilibidean, ez zituen ahaztu historia argentinarrean euskaldunen ondorengoen izen handiak, hala nola Esteban Echeverria poeta edota Juan Bautista Alberdi bera, euskal jatorri zuzeneko beste hainbat izenen artean.
Aipatu zituen baita ere euskal balore tradizionalak, eta horien artean ekarri zituen gogora "askatasun egarria, lurra, familia eta lanarekiko atxikimendua" eta hobetsi zuen euskaldunak "saiatu, nekaezin eta ekintsuak" direla dioen bertsioa, ez eta "kaskagor eta temati" gisa aurkezten dituena. Historian zehar euskaldunen presentzia eta ekinbideari buruzko datuak aurkeztu zituen, euskal etxeak eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako euren kultura eta ohituren aipua eginez.
Hitzaldira bildutako pertsonen artean, General Rodriguez bertako entzuleekin batera, ondoko herrietako eta horietako euskal etxeetako entzuleak ere aipa daitezke, hala nola Jose C. Paz, Cañuelas eta General Las Heras-tik heldutako euskal etxe buruak; baita Pilar-eko lagunak ere, Eusko Aterpea-ko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Mas Mus taldeko partaide guztiak, azken talde honek Eusko Aterpea-ren baitan sortu zireneko lehenengo urteurrena ospatu baitzuten Ezkerroren hitzaldiarekin. Solas publikoa bukatutakoan, Euskal Etxeak bertan egindako pintxoak zerbitzatu eta zintzur-bustitze bat egin zen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus