Viña del Mar, Txile. Alai eta kontent agertu da Viña del Mar-Valparaisoko Euzko Etxea, ikusirik zenbait elkarte eta erakunderen ahaleginak baturik Viña del Mar-eko Nazioarteko Zinemaldiaren programazioari lotua sortu den ekimen berri honek lortu duen arrakastaren aurrean. Joan den ostiralean egindako Zikloko lehenengo emanaldiak harrera polita bereganatu zuen eta, lehenengo edizio honek oraindik hasi besterik egin ez badu ere, badirudi geratzeko etorria dela, antolaketan partaide direnak urtero segida emateko jarreran baitaude.
Joan den ostiraleko ekitaldiaren aurkezpena Rioja Jauregian (irudia EE)
Ostiralean Asier Altunak zuzendutako Amama (2015) eman ondoren, datorren ostiral honetan Koldo Almandozen Oreina (2018) eskainiko dute Rioja Jauregiaren pantaila berean, eta Zikloa datorren astean itxiko da Telmo Esnalen Dantza (2019) filmarekin. Sarrera libre duen programa honek Viña del Mar-eko Rioja Jauregia Museoa-n (Museo de Arte Decorativo Palacio Rioja) gauzatuko ditu bere saio guztiak.
Gogoratu ekimena posible izan dela bertako Kulturarekin batera Euskal Zinema Ziklo honetan lankide direlako FICViña zinemaldia, Etxepare Euskal Institutua, Eusko Jaurlaritzaren Txileko Ordezkaritza eta Viña-Valparaisoko Euzko Etxea.