euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz egin zen San Frantziskon lehenengo 'Basque Hotel' afaria Gerald Hirigoyen-en Piperade jatetxean

2015/03/25

Sukaldaritza berri eta tradizionala batu zituen Hirigoyenek lehenbiziko afari honetan, ardoa Vivanco ardategikoa zelarekin (Argazkiak: Piperade)
Sukaldaritza berri eta tradizionala batu zituen Hirigoyenek lehenbiziko afari honetan, ardoa Vivanco ardategikoa zelarekin (Argazkiak: Piperade)

PUBLIZITATEA

Ezaguna da San Frantziskon (Kalifornia) Piperade jatetxea euskal sukaldaritza gustuko dutenen artean. Eta, astelehenean, denboraldiko Basque Dinner Series edo Euskal Afariak programako lehen gaua ospatu zuten. 30 lagun bildu ziren, hirikoak bertakoak gehienak, jakiez eta ardoez disfrutatzeko. Izatez, Rafael Vivanco ardogile errioxarra ere izan zen bertan, Dinastia Vivanco bere ardandegiko hainbat botila aurkeztuz. “Denetariko jendea batu ginen, interesgarria izan zen”, esan dio Hirigoyenek EuskalKultura.com-i.

San Frantzisko, AEB. Behin baino gehiagotan antolatu dituzte afari bereziak Piperade jatetxean, baina astelehenekoak esangura berezia zuen sukaldariarentzat: “Euskal Hotel asko izan ohi ziren Kalifornian, lehen, euskal jakiak prezio onean zerbitzatuz. Etxean sentitzen ziren horietan, hona emigratutako euskaldunak. Badaude, oraindik, batzuk AEBetan, baina gehienak desagertu dira. Euskal aterpetxe horien omenez antolatu nahi izan dut hau”. Baina afari hauek ez dira malenkoniaz betetako bilerak, aurrera begirakoak baizik: “Geure kultura eta jakiak ezagutzera emateko balio dute, jendeak gozatzeko moduko eran”.

Chefak azaldu digunez, asteleheneko afaria “ez zen euskal sukaldaritza ohikoa, modernoagoa baizik”. Izatez, bost plater desberdin dastatu ahal izan zituen gerturatutako bakoitzak, horien artean bieira, txiribi, boilur eta sagar entsalada, edota arkumea, garbantzu, txorizo, pistatxo eta albaka saltsarekin, bi aipatzearren (beheko argazkian ikus daiteke menu osoa).

Plater bakoitzarekin batera, ardo desberdinak aurkeztu zituen Vivanco jaunak; zuriak, gorriak, beltzak, adin desberdinetakoak… “Oso azalpen interesgarriak eman zituen, asko gustatu zitzaion hori jendeari”, ardo zalea ere baden Hirigoyenen iritziz. “Oso ardo ona zen, eta hori funtsezkoa da. Ardoa ona ez bada afaria ere ez da ona izango, eta horrek ez du esan nahi ardoa garestia izan behar denik, ardo ona ez baita zertan garestia izan behar”.

Aurki, afari gehiago

Urtean zehar, hilabetero horrelako bat antolatuko duela esaten digu Hirigoyenek, nahiz eta estilo desberdinetan, “bestelako giroak gustuko dituen jendea ere badagoelako, akaso pintxo gau bat ere antolatuko dugu, ardo onarekin baita ere”.

Datozen menuetan lanean dihardu orain bere lantaldea eta jatetxean bertan eta webgunean publikatzeaz gain, egunkarietan eta prestatzen ari diren e-posta zerrenda baten bidez ere emango dute horien berri hemendik aurrera. “Astiro goaz, baina ondo nahi ditugu egin gauzak. Garrantzitsuak dira elkarretaratze hauek eta oro har esango nuke arrakastatsua izan dela lehendabiziko hau, ondo pasatu zuela jendeak”.

Sukaldaria

Baionan (Lapurdi) jaio izan bazen ere euskaraz ez zuen ikasi Hirigoyenek baina, hala ere, dakizkien hitzak erabiltzen saiatzen da ahal duela.

San Frantziskora 1980an etorri baino lehen, Biarritzen (Lapurdi) eta Parisen (Frantzia) aritu izan zen sukaldari laguntzaile gisa. Jatetxe eta ekimen zenbaitetan ibili izan da eta 2002an zabaldu zuen, Cameron bere emaztearekin batera, “Mendabaldeko Kostaldeko euskal sukaldaritza”koa bezala definitzen duen jatetxe hau. Bertako produktuak erabilita, Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako zaporeak eskaintzen ditu. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia