Buenos Aires, Argentina. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu maiatzaren 11an, larunbata, heldu zen Argentinara eta egun horretan bertan eman zion hasiera, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagola eta honen bulegoko Erakundeekiko Harremanetarako arduradun Mariana Satostegui lagun, egitarau trinko bati, larunbatean bertan parte hartuz bileretan Laurak Bat Euskal Etxearekin, FEVAren Biltzarrean eta hiriburuko Juan de Garay Plazatxoan dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren Mendeurreneko ohoratze ekitaldian. Ondoren, igandean, Euskal Herriari eskainitako BAC (Buenos Aires Celebra) edo 'Buenos Airesek EH ospagai' eguneko programan parte hartzeko.
Segidan, Jaurlaritzako ordezkariek programa estu bati ekin zioten Buenos Aires probintzia hegoaldeko zenbait euskal etxetara helduz, hala nola Las Flores, Azul, Rauch, Olavarria, Tandilgoetara, baita datorren azaroaren 4tik 10era 2019ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren egoitza izango den Bahia Blancako Union Vascara ere, elkarte hau sortu zeneko 120. urteurrena betetzen den urtean.
Biraren baitan La Platara ere iritsi dira Pagola eta Alvarez, bertako euskal gizataldearekin batera hiriko Euzko Etxearen 75. urteurrena ospatzeko. Herri eta hiri bakoitzean, euskal etxeetako arduradunekin bildu dira, baita tokiko gobernuetako eta kasu batzuetan hezkuntza zentroetako agintariekin ere. Aipatzekoa da leku bakoitzean bisitak hiri eta eskualde mailako komunikabideetan bereganatu duen arreta eta oihartzuna.
Biraren argazki sorta, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzaren Facebook kontuan: Delegación de Euskadi en Argentina-Mercosur.