Hamabigarrenez egin dute euren urteroko Biltzarra Mexiko Hiriko Mikeldi euskal talde eno-gastronomikoko kideek. Hainbat erronka eta aukera ere ekarri dituen urte baten ondoren, taldekideak elkarteko diruzain den Mikel Merodio anfitrioi zutela bildu ziren ogia partitzeko eta elkarteak 2016rako proposatuko dituen planak aztertzeko, azladu dio EuskalKultura.com-i taldeko bozeramale Julen Garritzek.
Mexiko Hiria, Mexiko. Elkartearen Biltzarra --nola bestela?-- mahai on baten inguruan gauzatu zen, oturuntzaren sarrera gisa pintxoak zerbitzatuz, hala nola antxoa ozpinetan eta kroketak "betiko estiloan, amonarenak bezalakoa".
Josu Garritz eta Julen Ruiz de Azua bazkideek hitza hartu eta atzerabegirakoa egin zuten, gogora ekarriz "zenbatetan egin diogun ohore gure jatorriari sukaldaritza bitarteko".
Gauak aurreko urteko bilkurako pasadizoak aipatuz eta datorren urterako proposamenak eginez jarraitu zuen. Aitor Odriozolak, "ezaugarri duen oratoriarekin", malko pare bat kendu zien bertaratutakoei nostalgia aipatu zuenean, euskaldunen artean adiskidetasunak daukan garrantzia aipatuta.
"Talde gastronomiko gisa, gure aitona-amonen sukaldaritzarekiko zaletasunaren oinordeko gara", "baina beti eta ororen gainetik adiskidetasuna ipinita", adierazi zuen.
Geroago Julen eta Jon Andoni Ruiz de Azuak kantuz hartu zioten txanda, zenbait kantu herrikoi kantaturik, tartean beti egoki entzun daitekeen Txoria Txori, gainerako bazkideen bozkario.
Biltzarra, bide berean beste hainbeste urtez segitzearen alde topa eginez amaitu zen, ardoa Alvaro Mier bazkideak ekarritako Campillo Gran Reserva zelarik.
Mikeldi Talde Eno-Gastronomikoa 2003an jaio zen Mexiko Hirian, eta 2005ean instituzionalizatu zen, beti ere helburu gisa gastronomia, ardo ona eta bazkideen arteko adiskidetasuna sustatzea aldarrikatuz.