euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz egin du bere lehenengo aurkezpen publikoa Peruko Trujillo hirian bertako Euskal Etxe berriak

2018/02/27

Trujilloko Euskal Etxeko lehendakari Leonel Berrocal hizlari, elkarte berriaren lehenengo aurkezpen publikoan
Trujilloko Euskal Etxeko lehendakari Leonel Berrocal hizlari, elkarte berriaren lehenengo aurkezpen publikoan

PUBLIZITATEA

Ia berrogeita hamar pertsona partaide, deialdiak hiru hitzaldi labur baitaratu zituen, euskaldunen Ameriketako presentziaz, eta babesa eman zion sortu berria den Trujillo Euskal Etxeak Peruko hiri honetan eginiko lehenengo ekitaldi publikoari. Euskaldunen berri gutxi dagoen hiri honetarako, arrakastatzat jo zuten antolatzaileek, azpimarratuz bertaratutakoen interesa, egin zituzten galdera ugariei erreparatuz. Ilusio handiz, pauso berriak ematea ari da hausnartzen orain euskal etxe berria.

Trujillo, Peru. Trujilloko Euskal Etxea --izen hau ere erabiltzen du elkarte berriak, honela, euskaraz-- edo izen luzeagoan "Centro Cultural Vasco Peruano de Trujillo" delakoa otsailaren 16an aurkeztu zen jendaurrean Trujilloko Casa de la Identidad Regional delako eraikinean.

EuskalKultura.com-ek iragarritako programari segituz, hitzorduak hiru mintzaldi labur bildu zituen, euskaldunak bertako testuinguru amerikarrean kokatu nahian, ondoren bertako euskaldunak eta euskal etxe berriaren sorrera testuinguru horretan aipatzeko.

Leonel Berrocal, Euskal Etxeko lehenengo Zuzendaritza Batzordeko lehendakari dena, "Euskaldunak Trujilloko Independentzian" gaiaz mintzatu zen, gaiari ikuspuntu berritzaile batetik eutsiz eta bildutakoen arreta eta jakinminari eraginez.

Augusto Salcedok, berriz, "Euskaldunak Talambo-n" gaiari eutsi zion, gai polemikoa eta euskaldunen Perurako azken migrazioa aipatzen duena, Espainiak Peru berreskuratzeko azken saiakera testuinguru.

Azkenik, Wilfredo Lizarzaburuk, Euskal Etxeko lehendakariorde denak, "Euskal presentzia Amerikako historian" gaia jorratu zuen, euskaldun 'kriollo'ek amerikar askapen mugimenduan izan zuten partaidetza eta ondoren herrialde berrien eraikuntzan jokatu zuten papera aipaturik, tartean euren ezaugarriak eta askatasun gogo eta egarria.

Antolatzaileek pozik azaldu zaizkio gure buletinari lortutako arrakastarekin, "ia berrogeita hamar pertsona", "euskaldunen berri gutxi baitago hemen, euren kultura, ezaugarri eta izaeraz".

Wilfredo Lizarzaburuk azaldu digu, galderak eta bildutakoen parte hartzea "bereziki interesgarriak izan zirela, gehienbat gogoan hartuta Trujillo bere independentziaren bigarren mendeurrena ospatzeko ari dela prestatzen, eta lehenengo aldiz ari baitira orain hitz egiten euskaldunek prozesu horretan izan zuten partaidetzaz".

Elkarte berria urte osorako plangintza ari da orain aztertzen eta planteatzen ari den hurrengo proposamena hilabetero hitzaldi bat antolatzea da, bertakoen artean euskal kulturari buruzko ezagutza sustatu eta aldi berean jende berria hurbilarazteko Euskal Etxera.

"Eusko Jaurlaritzak bere erregistroan Euskal Etxe ofizial gisa onar gaitzan eman beharreko urratsak ematea ere begiratzen ari gara, eskubide eta obligazio osoz bildu nahi baitugu munduko euskal etxeen familiara", baitetsi digu Lizarzaburuk.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia