Salt Lake City, AEB. Ohiko arrakasta handiz egin dute joan den larunbatean Salt Lake Cityn 2019ko Basque Dinner Dance ekitaldia. Utah-ko Euskal Etxea antolatzaile, urteroko hitzordu honen helburu behinena urteko aurrekontuari zati handi bat ekartzea da, eta ber denboran euskal dantza eta kultur molde batzuk erakustea Utah-ko publiko ez-euskaldunari. "274 pertsona bildu zaizkigu aurten afaltzera," adierazi digu Utah-ko Euskal Etxeko lehendakari Cirbie Sangroniz-ek.
Estreinekoz egin da gainera ekitaldia aurtengo lekuan, St Vincent eliza katolikoaren ospakizun areto dotorean. Bertaratu direnek leku aldaketarekin ekitaldiak irabazi egin duela adierazi dute. Giroa bikaina izan da, eta Utahko Euskal Etxeko sukaldariek egindako lana, hauta.
NABOko neguko bilkura
Gogoan izan, berez, Basque Dinner Dance festa arratsaldeko 5-6etan hasi eta 11:30ak arte luzatu bazen, Salt Lake Cityko euskal eguna goizean goiz hasia zela, 8:00etan, NABO Ipar Ameriketako euskal elkartearen neguko bilerarekin, federazioko lehendakari Philippe Acheritogaray sanfrantziskotarra buru.
NABOko delegatuek aztertu zituzten gaien artean, erakundeko araudian hainbat artikulu aldatu edo moldatzea. Horretan lanean ibilitako batzordearen emaitza eta proposamenak irakurri eta onartu ziren, Frank Yraguen epailea, Ontarioko Euskal Etxeko delegatua bera batzordeko buru.
Europako gonbidatuek ere hartu zuten parte bilkuran, hala nola Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk eta bere bulegoko Benan Oregi teknikariak; eta Jorge Fernandez Quintelak, New Yorken egoitza duen Euskadiren Ordezkaritzako buru dena AEBetan; eurekin batera, Eusko Legebiltzarreko hautetsi bizkaitar Jasone Agirre ere --EH Bildu barnean Diasporarako idazkaria da bera-- mintzatu zen bertaratutako euskal etxeetako NABO ordezkarien aurrean.
Bestalde, Joseba Etxarri ere bertaratutakoei mintzatu zitzaien EuskalKultura.com-ez eta Donostiako Heredad de Unanue hotel berriaz. Unanue Hotela euskal diasporari lotua jaio den ekimen bat da, joan den irailaren 24an ateak Donostiako Añorga auzoan ireki dituena. Eraikinean bertan eta dekorazioan Diasporari egiten dizkion keinuez gain, kultur zabalkunde programa oso bat ari da antolatzen, euskal diasporaren izaera eta egitatea zabaltzen laguntzeko asmotan Donostian eta Euskal Herrian, Diasporako euskaldunak eta euskaldunen lagunak partaide.