San Nicolas, Argentina. Etxean geratzea tokatzen zaigun garai honek, paradoxikoki hurbilago egoteko aukera ere ematen digu. Etxealdiak lortu du aurretik askoren ustez gertaezina zena: distantziak desagerraraztea. Teknologia berriek erraztu diguten hurbiltasun horretaz berehala ohartu zen San Nicolaseko Euskal Etxea eta derrigorrezko etxealdia hastearekin batera #nietxeangeratzennaiz Facebook-eko ekimena jarri zuen abian.
Ekimena modu apal batean sortu zen; hasieran etxekoek bakarrik egiten zituzten transmisioak; baina egunak pasatu ahala handituz joan da proposamena eta orain egunero ari dira egitaraua antolatzen, hamaika gai eta herri askotako hizlariak barne, ez soilik Argentinakoak, Hego Amerika osokoak eta Euskal Herriko hizlariak ere bildu baititu arratsaldero normalean 7etan (ordu argentinarra) edo gauerdian (EHko orduan) sareratzen diren hitzaldiak.
Eta honi estu lotuta, entzulegoa ere neurri berean joan da zabaltzen, eguneroko hitzorduak gero eta ezagunagoak egin baitira Diasporan eta euskal gaiez interesatuta dauden jendeen artean.
San Nicolasko Euzkal Etxeko lehendakari Ana Erausquinek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, antolaketa lana ez da erraza eta egunez egun egiten dute. “Baina etxealdia oso luze doa eta gure asmoa egunero eduki berriak eskaintzea da. Ondorioz, gure buletinak eskaintzen dion aukera baliatu nahi du hitzaldi bat eman dezakeen jendeari dei bat egiteko. Hitzaldiak ez dute zertan luzeak izan beharrik –40 bat minutu– eta ondoren galderak erantzuten ditu hizlariak”.
Euskal gai bat azaldu nahi baduzu, edo ekintzaren bat nola egiten den erakutsi edota zure euskal etxean zer egiten duzuen kontatu nahi baduzu, San Nicolaseko Euzkal Etxearekin kontaktatu baino ez duzu (hemen). Beraiekin data eta ordutegia adostu eta aurrera. “ Publikoaren erantzuna oso ona izaten ari gara eta jendea, euskal gaiez ikasteaz gain, moldatzen ari da birtualtasunera… Oso pozik gaude!”, adierazi digu Erausquin-ek.